Osasuna 2-0 Cadiz

Bi penalti nahikoa dira Osasunarentzat hiru puntuak lortzeko

Lehenengo bi partidak irabazi ditu talde gorritxoak, eta lider jarri da. Chimy Avilak eta Kike Garciak egin dituzte neurketako golak

Osasunako jokalariak neurketako bigarren gola ospatzen. JESUS DIGES / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2022ko abuztuaren 20a
19:58
Entzun

Nagusitasun osoz irabazi du Osasunak Cadizen aurkako neurketa. 2-0 gailendu dira gorritxoak etxean, eta sei puntutik sei poltsikoratu dituzte. Penaltiz iritsi dira neurketako bi golak, eta Chimy Avilak eta Kike Garciak sareratu dute baloia. Cadizek jokalari bat gutxiagorekin amaitu du neurketa, 77. minutuan, Tomas Alarcon erdilariak bigarren txartel horia ikusi baitu.

Lehenengo jardunaldiarekin alderatuta aldaketa bakarra egin du Jagoba Arrasatek: Ante Budimir sartu da hamaikakoan, eta Kike Barja kendu du bertatik. Sevillaren aurkako neurketan egin bezala, ederki hasi du neurketa Osasunak. Oso goran hasi dute presioa Arrasateren jokalariek, eta baloia luze jotzera behartu dute Cadiz. Ledesmaren atera gerturatu diren arren, gorritxoek ez dute aukera garbirik sortu, eta lehenengo aukera garbia Cadizek izan du 15. minutuan. Mamady Diarrari baloia area barruan iritsi zaio taldekide baten kontrol luze baten ondoren, baina Maliko hegalekoak gora bota du errematea.

Aurkariaren lehenengo abisua ondoren, nagusi izan da Osasuna. Oso gutxi iraun die baloiak bisitariei, eta arrisku handia eraman du Ledesmaren ingurura presioan baloiak lapurtu ondoren. 25. minutuan izan dute gorritxoek lehenengo aukera garbia. Budimirrek area barruan ederki borrokatu du baloia, eta goleko pasea eman nahi izan dio Moi Gomezi. Atzelari bat aurreratu da, ordea, eta Ledesmak geldiketa bikaina egin du Osasunaren lehenengo gola saihesteko. 35. minutuan iritsi da gorritxoen lehenengo gola. Errebote baten ondoren Budimirrek jaurtiketa egitea lortu du, baina Ledesmak aurretik eraman du. Mateu Lahozek ez du birritan pentsatu, eta penaltia adoerazi du. Chimy Avilak jaurti du gaurkoan, eta ez du hutsik egin. 1-0 arekin iritsi da neurketa atsedenaldira.

Bigarren zatiak hasiera zirraragarria izan du. Lehenengo bost minutuetan aukera garbi bana izan dute bi taldeek. Osasuna saiatu da aurrena; Moi Gomezek baloi geldian daukan maisutasuna erakutsi du, eta erdiraketa bikaina egin du. Budimirrek burukada ederra egin du, baina ederki erantzun dio Ledesmak. Berehala izan du aukera Cadizek: kontraeraso polita bideratu dute, eta Diarrak jaurtitzea lortu du. Gorputzean eman dio atzelari bati erremateak, eta Lucas Perezek, bakarrik, atezaina lurrean zegoela, kanpora bidali du errematea. Neurketako aukera garbiena izan da, eta zoria alde izan dute gorritxoek.

Neurketa berotu egin da 60. minututik aurrera, eta joan etorriko partida ederra ikusi dute Sadarrera hurbildu diren zaleek. Sergiok aldaketak egin ditu berdinketa lortu nahian, baina 77.minutuan jokalari bat gutxiagorekin gelditu da Cadiz. Tomas Alarconek kontraerasoa gelditzeko falta egin du, eta bigarren txartel horia ikusi du. Neurketa, ordea, gehiago okertu zaio Sergioren taldeari bi minutu geroago. Ledesma eta Victor Chust ez dira ados jarri area txikian baloia alderatzeko orduan, eta atzelariaren penaltia adierazi du epaileak; Kike Garciari elastikotik heltzeagatik. Hamar minutu lehenago zelairatu da aurrelaria, eta berak jaurti du penaltia sareetara. Zigor handia izan da bisitarientzat, eta horrelaxe amaitu da neurketa.

Lehenengo bi jardunaldietan sei puntuak bildu ditu Osasunak, eta Sadar gotorleku bihurtzeko aurreneko pausoa eman du Arrasateren taldeak. 1981. urtetik lortu gabe zegoen Nafarroako taldea ligako aurreneko bi neurketak irabaztea. Datorren jardunaldian Sevillara (Espainia) egingo du bidaia Osasunak, Betisen aurka jokatzeko. Ostiral gauean jokatuko da neurketa (22:00), Benito Villamarin futbol zelaian, eta gorritxoek etxetik kanpo jokatuko duten lehenengo neurketa izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.