Athletic 1-0 Valentzia

Athleticek lortu du lehen garaipena

Berenguerrek 42. minutuan sartutako gol batek balio izan die zuri-gorriei. Neurketa kontrolpean izan dute, baina azken minutuan berdinketa lortzear izan da Valentzia.

Athleticeko jokalariak Berenguerren gola ospatzen, gaur, San Mamesen. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Paulo Ostolaza.
2022ko abuztuaren 21a
20:00
Entzun

Iritsi da lehen garaipena. Joan den astean, Mallorcaren aurka, neurketa ona egin zuen Athleticek; Ernesto Valverderen taldeak aukera mordoa sortu zituen, baina ez zuen bat bera ere bidali sareetara. Gaur, ordea, lortu du gol bat behintzat sartzea, eta, zorionez, aski izan da hiru puntuak lortzeko. Horiexek dira Athleticen datuak lehen bi neurketen ostean: aldeko gol bat, aurkako bat ere ez, eta lau puntu.

Hamaikakoan aldaketa bakarra egin du Valverdek: Nico Williamsek hartu du Asier Villalibreren tokia. Gainontzeko hamarrak lehen jardunaldiko berak izan dira. Eskuin hegalean jokatu du Williams anaietako gazteenak, eta aurrelari moduan Iñakik, zaharrenak.

Ospakizunetan murgilduta dabiltza Bilbon, eta, gaur Alex Berenguer izan da txupinazoa jaurtitzeko arduraduna. Lehen zati ona jokatu dute zuri-gorriek, eta Berenguerrek berak izan du lehen gola sartzeko aukera bikaina neurketa hasi bezain laster. Muniainek —neurketako jokalari onenak— pase bikaina eman dio, baina ez du asmatu Mamardaxviliren aurrean. Neurketaren aurretik omenaldia egin diote kapitainari, Athleticekin 500 partida jokatu berri dituela eta.

Horren ostean, Valentziarena izan da baloi jabetza, eta, aukerarik garbiena, Samu Castillejorena, kontraeraso batean. Ez du asmatu. Bai, ordea, Berenguerrek. Valentziak baloi bat galdu du 42. minutuan, zelai erdian; nafarrari heldu zaio baloia, eta haren jaurtiketa indartsuak sareetan amaitu du, Mamardaxvili ukitu eta gero. 1-0, eta atsedenaldia.

Ezin errematatu

Lehenengoa amaitu den bezala hasi da bigarren zatia. Athletic ondo jokatzen ari zen, baina, jada ohikoa den moduan, zuri-gorriek ez dute asmatu azken metroetan. Valentziak bere aukeraren zain jarraitu du, baina arrisku handirik sortu gabe.

Sustoa, berriz, San Mamesen bildu diren 43.000 zaletak garaipena ospatzen ari zirela heldu da. Athleticek, aldaketak egin eta gero, izan du aukerarik neurketa ixteko, baina 1-0ekoa beti da emaitza arriskutsua futbolean.

Eta hori agerian geratu da gaur, berriz ere. Luzapeneko azken minutuan, Marcos Andre arean sartu da baloiarekin, eta zutoinera bidali du jaurtiketa. San Mames mutu geratu da segundo batzuetan. Azkenean, ordea, 1-0, garaipena, eta Aste Nagusia ospatzeko arrazoi bat gehiago bilbotarrentzat.

Athletic: Unai Simon; De Marcos, Vivian, Yeray, Yuri; Vesga, Sancet (Vencedor, 73 min), Nico Williams (Capa, 93 min), Muniain (Raul Garcia, 73 min), Berenguer (Zarraga, 66 min); eta Iñaki Williams (Morcillo, 93 min).

Valentzia: Mamardaxvili; Correia (Foulquier, 75 min), Paulista, Diakhaby, Vazquez (Lato, 62 min); Guillamon (Marcos Andre, 75 min), Soler, Musah (Nico, 62 min); Castillejo, Lino eta Hugo Duro (Maxi Gomez, 17 min).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.