Turismoa

Hotelek pandemia aurreko betetze mailak gainditu dituzte uztailean

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hotelen betetze tasa %72 izan da joan den hilabetean. Establezimenduek 383.186 sarrera zenbatu dituzte, eta 766.020 gaualdi.

Turistak Bilbon, joan den uztailean. LUIS TEJIDO / EFE
Irune Lasa.
2022ko abuztuaren 22a
13:23
Entzun

Uda honetan turismoa sasoi betean dagoela erakusten dute hotelek uztailean iritsitako kopuruek; atzean gelditu direla COVID-19ak eta pandemiari aurre egiteko neurriek bisitari kopuruan ekarritako murrizketak.

Eustaten arabera, iazko erdipurdiko kopuruak aise gainditu dituzte aurten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hotelek. Adibidez, sarreren kopurua iazko uztailekoa baino %31,2 handiagoa izan da, eta gaualdiak %34,8 gehiago izan dira.

Igoera handiak izanda ere, ezin da ahaztu iazko uztailean turismoak oraindik gogotik igarri zituela pandemiari aurre egiteko neurrien ondorioak. Horren erakusle da hotelen betetze tasa %57,6 izan zela iazko uztailean eta, aldiz, tasa %72ra iritsi dela aurten. Hotelen betetze mailak, gainera, pandemia aurreko datuak ere gainditu ditu uztail bero honetan. 2019ko uztaileko %71,1eko betetze tasa ere gainditzeraino.

Bidaiaren jatorriari begira, hotelek iaz baino bezero gutxiago izan dituzte Hego Euskal Herrikoak, 5.121 sarrera gutxiago. Iazko uztaileko sarreren %14,2 izan ziren Hegoaldeko euskal herritarrenak, eta, aurten, soilik %9,5.

Atzerritarrei dagokienez, Espainiako eta Frantziako estatuetatik etorri dira aurtengo bidaiarien %60,6. Eta gainerako herrialdeetatik, batez ere AEBetako jatorriko sarrerak (21.634), britainiarrenak (15.287) eta Herbehereetatik etorritakoenak (14.864).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.