Bilboko Aste Nagusia

Haurren gozamenerako ilarak

Txikiguneaz eta bertan antolatutako 33 ekintzaz gozatzen hasi dira haurrak Bilboko Casilda Iturrizar parkean. Ohi baino ilara luzeagoetan itxaron behar izan dute.

Emakume bat haur baten aurpegia pintatzen gaur goizean, Bilboko Aste Nagusiko Txikigunean, Casilda Iturrizar parkean. OSKAR MATXIN EDESA/ FOKU
iraia vieira gil
2022ko abuztuaren 22a
14:15
Entzun

Gaur ireki dute Txikigunea Bilboko Casilda Iturrizar parkean, eta ume pila bat bildu da hasieratik. Hala igarri dute bertaratu direnek: zenbait gurasok adierazi dutenez, «aurreko urteetan baino ilara luzeagoak daude aurten». Bilboko Aste Nagusiko azken egunera arte egongo da irekita jolasgunea; guztira, 33 ekintza baino gehiago egiteko aukera dute umeek, garapen jasangarriari lotutakoak: hala nola ipuin tailerrak, bizikleta zirkuitua, antzerki emanaldiak eta, nola ez, beste Gargantua bat, bigarrena –tradizionala Areatzako plazan dago–.

Ilaran itxaron beharrak, baina, ez du umeen jolasteko gogoak apaldu, handitu baizik. Gurasoak zain dauden bitartean, umeek programatik kanpoko jolasak asmatzeari ekin diote euren burua entretenitzeko: uretako puzgarrien ondoko putzuetan salto egin, parkean zehar dauden lorategietako harriak bildu, edota kaleko saltzaileen postuetan tatuaje iraungaitzak egin.

Giroa alaia da oso, eta badirudi aitona-amonek haurrek baino gehiago gozatzen dutela: «Ikusi ze polita den hori!». Eta umeek nora begiratu jakin ez; hurrengoan nora igo besterik ez baitute buruan: «Ama, barkutxoetara joango gara orain?». Gelditu ezinean dabiltzala, Casilda eta Bastida pertsonaiak ere ikusi dituzte haurrek, parkean paseatzen baitabiltza, eta haiekin hitz egitera ere ausartu dira batzuk. Hain zuzen ere, Ricardo Bastida arkitektoak eraiki zuen Casilda Iturrizar parkea Casilda Iturrizarrek lagatako lurretan, orain dela ehun urte baino gehiago.

Txikigunea abuztuaren 28ra arte egongo da irekita, 11:00etatik 14:30era eta 16:30etik 20:00etara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.