Terrorismoa goratu izana ukatu dute Berangoko hiru lagunek Auzitegi Nazionalean

Martxoaren 13an Ibai Aginaga preso ohiari egindako ongietorriaren harira daude inputatuta. Epaileak «oraingoz» ez du erabaki beste eginbiderik egitea.

Auzitegi Nazionalean deklaratu dute Berangoko hiru lagunek. J. DANAE / FOKU
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko abuztuaren 22a
15:51
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu dute gaur Berangoko (Bizkaia) hiru lagunek, martxoaren 13an Ibai Aginaga preso ohiari egindako ongietorriaren harira. «Terrorismoa goratzea» leporatzen diete hirurei; akusatuek, ordea, ukatu egin dute hori egin izana; azaldu dute ekitaldi «pribatua» izan zela, eta ez zutela deliturik egin. Europa Press albiste agentziaren arabera, epaileak «oraingoz» ez du erabaki beste eginbiderik egitea, eta epaitegia Polizia Judizialari eskatutako txostenen zain dago.

Basauriko (Bizkaia) kartzelatik atera zen Aginaga, hogei urte inguru espetxean egon ostean, eta ongietorria egin zioten Berangoko frontoian. Vox talde politikoak, Villacisneros fundazioak eta Dignidad y Justicia taldeak salaketa aurkeztu zuten ekitaldiaren harira, eta, horri erantzunez, ikerketa bat abiatu zuten. Kandaru Kultur Elkarteko hiru kide inputatu zituzten: Ismael Moreno magistratuak egotzi zien ekitaldiaren antolaketan parte hartu izana.

Elkarteak salatu du «kriminalizazio kanpaina mediatiko, politiko eta judizial bat» abiatu dutela haren kontra, ekitaldiaren aurretik eta horren ondoren. Batez ere, El Correo hedabideak kanpaina hori elikatzeko izan duen «protagonismoa» nabarmendu du. Horrez gain, adierazi du Berangoko Udalak ere jarri dizkiela zigorrak: hiru hilabeteko bina debeku udal guneak erabiltzeko, eta 500 euroko bina isun, frontoiko paretetan pankartak itsasteagatik eta frontoiaren «erabilera desegokiagatik». Elkarteak azaldu du helegitea jarri diela bi isunei, baina ez duela erantzunik jaso.

Kandaruren arabera, horrekin guztiarekin, herrian «errotuta» dauden bi baloreri «jazarri» nahi zaizkie, eta, aldi berean, horiek «zigortu»: batetik, amnistia gatazka politikoaren erroaren «gainditze» moduan ulertzea eta, bestetik, errepresioari aurre egiten dioten militante politikoen «duintasuna» aitortzea. Horiek horrela, elkarteak berretsi du «herri lanarekin» jarraituko duela, herria eraikitzen eta Euskal Herri «libre» baterako bidea egiten.

Inputatuei elkartasuna adierazteko, elkarretaratzea egingo dute gaur Berangoko Gudarien plazan, 20:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.