Palestina

Israelgo Auzitegi Gorenak ez du askatuko gose greban dagoen preso palestinarra

Khalil Awawdeh presoak 170 egun baino gehiago daramatza gose greban, eta haren osasun egoera larria dela ohartarazi dute

Zisjordania hegoaldeko Hebron hirian palestinarrek egindako protesta bat Khalil Awawdeh presoa askatzeko. ABED AL HASHLAMOUN/ EFE
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko abuztuaren 22a
15:55
Entzun

Israelgo Auzitegi Gorenak uko egin zion atzo gose greban dagoen Khalil Awawdeh preso palestinarra askatzeari. 170 egun baino gehiago daramatza greban atxilotze administratiboa amaitzeko eskatzeko, eta, joan den ostiralaz geroztik, Tel Aviveko erietxe batean dago Awawdeh, egoera kritikoan. 38 kilo pisatzen zituen ospitaleratu zutenean.

Iragan ostiralean, Israelgo auzitegi militar batek preso palestinarrak duen atxiloaldi administratiboa eten zuen behin-behinean. Izan ere, Awawdehek osasun arreta behar zuen gose grebaren ondorioz. Hala, epaitegi militarrak agindu zuen atxiloaldia eteteko presoa erietxean zen bitartean, baina berriz indarrean sartzeko espetxera itzultzeko. Tarte horretan helegitea jarri zuen presoaren abokatuak.

Ahlam Haddad preso palestinarraren abokatuak auzitegiari eskatu zion «berehala askatzeko» Awawdeh. Eskakizun horri uko egiten bazion auzitegiak, helegitean eskatu zuen presoa ez askatzeko arrazoiak emateko, eta haren kontrako karguak publiko egiteko. Horrez gain, adierazi zuen presoaren osasun baldintzen inguruko informazio guztia nahi zuela, eta Awawdehek gose greban jarraituko duela, aske uzten duten arte.

Epaileek, hartutako erabakia argudiatzeko, adierazi zuten «froga sendoak» daudela preso palestinarraren atxiloketa administratiboa justifikatzeko. Palestinako Presoen Elkarteak, ordea, Auzitegi Gorenaren epaia kritikatu du esanez «aitzakia bat» besterik ez dela preso palestinarrak gose greba alde batera uzteko, eta atxiloketa administratiboko estatusa lehengoratzeko.

Estatus horrek aukera ematen dio Israeli palestinarrak atxilotzeko haien kontrako kargurik gabe, eta epaiketarik egin gabe. Atxiloketa administratiboak hiru eta sei hilabetekoak izan daitezke, eta luzatzeko aukera dago mugarik gabe. Politika horrek bide ematen dio Israeli palestinarrei bizi osorako kartzela zigorra ezartzeko. Gainera, espetxera sartzeko arrazoiak eta frogak ez dituzte ezagutarazten, ezta presoaren abokatuari ere. Israelgo indarrek argudiatzen dute «isileko frogak» daudela tarteko, eta segurtasun kontuengatik ezin dutela esan zein izan diren presoak atxilotzeko arrazoiak.

Egun, Israelek 700 palestinar baino gehiago ditu atxilotze administratiboan; 2008tik inoizko kopururik handiena da. Nazioarteko komunitateak politika hori gaitzesten du. Besteak beste, Amnesty Internationalentzat «praktika krudel eta bidegabea» da Israelek egiten duena. Aldi berean, salatzen du herrialde horrek egiten dituen atxiloketa administratiboak bide ematen diola Israeli «apartheid politika» iraunarazteko palestinarren aurka.

Israelek okupatutako Zisjordania hegoaldeko Hebron hirian jaio zen Awawdeh; 40 urte ditu, eta Jihad Islamikora lotuta dago. Iragan martxoaren 3an hasi zuen gose greba, eta tartean bi hilabeteko etena egin zuen. Hain justu, iragan ekainean erabaki zuen gose greba etetea, Israelgo presondegiko agintariek baieztatu ziotelako atxiloketa administratiboa ez zutela luzatuko. Baina egindako promesa ez zen bete, eta, askatuko ez zutela jakitun, joan den uztailean greba berriro hastea erabaki zuen. Iragan urte amaieratik kartzelan dago.

GKEen buruzagiak atxilotuta

Egoitzak erasotzeaz gain, atzo GKE Gobernuz Kanpoko Erakundeen zenbait buruzagi atxilotu eta galdekatu zituzten. Horietako bat da Khaled Quzmar DNI Haurren Defentsa-Nazioartekoaren Palestinako adarra erakundearen buruzagia. DNIko Twitter kontuan jakinarazi zutenez, zuzendaria zaintzapean dago, Israelgo indarrek GKEen kontrako ekintzak areagotu baitituzte. Quzmarrek adierazi du galdeketan esan ziotela erakundean lan egiten jarraitzen bazuen auzitara eramango zutela.

Nazioarteko entitateek, besteak beste Nazio Batuen Erakundeak, AEBek, edota Europako Batasuneko bederatzi herrialdeetako Atzerri Ministerioek, Israelek salatutakoa ukatu dute «frogak falta» direlako.

Joan den ostiralean Israelgo indarrek Palestinako GKEen sei egoitzatan indarrez sartu, sarekadak egin, lekua miatu, eta kalteak eragin zituzten. Al-Haq, Addameer, Ikerketarako eta Garapenerako Bisan Zentroa, DNI, Nekazaritza Lanaren Batzordeen Batasuna, eta Emakume Palestinarren Batzordeen Batasuna dira eraso egin zieten erakundeak.

Israelgo Indar militar armatuek agindua eman zuten sei egoitza horietako bulegoak berehala ixteko. Horrez gain, jabetza pribatua eta hiru bulegotako informazioa konfiskatu zituzten. Israelgo agintari militarrek «terroristatzat» zituzten erasotutako erakundeak, eta haiek egiten zituzten ekintzak «legez kanpokoak» ziren Israelgo militarrentzako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.