Turismoa

Landetxeen betetze maila aspaldiko handiena izan da

Uztailean, %48,7 izan da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako landetxeen betetze tasa. Sarrerak eta gaualdiak %27,7 eta %19,6 igo dira.

Errota Barri landetxea, Mungian. ERROTA BARRI
Julen Otaegi Leonet.
2022ko abuztuaren 23a
12:38
Entzun

Uztailean, hotelek pandemia aurreko betetze mailak gainditu dituzte, eta landetxeak ez dira gutxiago izan. Badirudi iraganeko kontua dela COVID-19a, eta udatiarrak itzultzen hasiak dira, inoiz baino gehiago. Eustaten arabera, aspaldian ez da izan halako betetze mailarik Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako landetxeetan: %48,7. Zehazki, landetxeetako betetze mailak arazorik gabe gainditu du iazko uztailekoa (%43,6), eta 2018-2019koen bueltan (%48,6 eta %46,4, hurrenez hurren) kokatu da.

Landetxeetako sarreretan eta gaualdietan ere izan da goititzerik: 24.385 sarrera eta 72.040 gaualdi izan dira uztailean guztira, iaz baino %27,7 eta %19,6 gehiago, hurrenez hurren. Pandemia aurreko datuak ere gainditu dituzte landetxeek: 2019an, 2.914 sarrera eta 7.578 gaualdi gutxiago zenbatu ziren.

Jende gehiago izan da landetxeetan, baina denbora gutxiagoz. Batez besteko egonaldia 3,15 egunetik 2,95era jaitsi da urtebetean. Dezenteko beheraldia izan da, eta 2019ko batez besteko egonaldiaren azpitik geratu da (3 egun).

Nondik nora

Bidaiarien jatorriari dagokionez, Hego Euskal Herriko bezero gutxiago izan dituzte iaz baino: 796 sarrera gutxiago. Nabaritu da, beraz, pandemiari aurre egiteko neurriak atzean geratu direla. Iazko uztaileko sarreren laurdenak izan ziren Hegoaldeko euskal herritarrenak; joan den hilean, %18,1 besterik ez.

Atzerrira begira, Espainiako eta Frantziako estatuetatik heldu dira udatiar gehien; sarreren %61,9 izan dira (13.059 eta 2.036, hurrenez hurren). Alemanak izan dira hurrenak, 1.162 sarrerekin; segidan, belgikarrak, 520rekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.