Suteak

Hondamendi eremu izendatu dituzte Hego Euskal Herriko suteetan kaltetutako guneak

Ministroen Kontseiluak «Babes Zibileko Larrialdi batean larriki kaltetutako eremu» izendatu ditu Zanbrana, Esa eta Zarrakaztelu

Uztailean sute bat piztu zen Zarrakaztelun. NAFARROAKO SUHILTZAILEAK
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko abuztuaren 23a
15:47
Entzun

Espainiako Ministroen Kontseiluak hondamendi eremu izendatu ditu Hego Euskal Herriko suteetan kaltetutako zenbait gune, «Babes Zibileko Larrialdi batean larriki kaltetutako eremu» izan direlako. Horien adibide dira Zanbrana (Araba) –abuztuko suteengatik–, Esa (Nafarroa) –ekaineko suteengatik– eta Zarrakaztelu (Nafarroa) –uztailean izandako suteengatik–.

Isabel Rodriguez Espainiako Gobernuko bozeramaile eta Lurralde Politikako ministroak adierazi duenez, gaur onartutako akordioaren bitartez, kaltetutako eremuetara bideratutako laguntzak kudeatzeko eta horiek emateko epeak «murrizteko» mekanismoak aktibatuko dituzte.

Berreskuratze neurriei dagokienez, besteak beste, 18.000 euro banatuko dituzte heriotzagatik edo ezintasun absolutu eta iraunkorragatik; suteetan ohiko etxebizitza «erabat» suntsitu bada, gehienez 15.120 euroko diru laguntza banatuko dute, eta etxebizitzaren egiturari eragiten dioten kalteak konpontzeko, balorazio teknikoaren %50erainoko laguntza banatuko dute, 10.320 euroraino.

Premiazko etxeko tresnak suntsitu edo kaltetu badira, berriak jartzeko edo horiek konpontzeko 2.580 eurorainoko diru laguntza eskainiko dute. Erabilera orokorreko elementu komunak konpontzeko, berriz, gehienez Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak egindako balorazio teknikoaren %50 kubrituko dute, 9.224 euroraino.

Industriako, merkataritzako eta zerbitzuetako establezimenduen titularrentzako ere jarriko dituzte 9.224 eurorainoko diru laguntzak, eta nekazaritza, abeltzaintza, baso eta itsas akuikulturako produkzioetan izandako kalteengatiko laguntzak ematea aurreikusten dute. Akordioak, gainera, gidabaimenak bikoizteko Trafikoko Buruzagitza Nagusiaren tasetatik salbuesteko aukera aurreikusten du.

Horiez gain, beste laguntza neurri batzuk hartzea aurreikusten du dekretuak, horiek garatzeko eskumena duen sail bakoitzak emandako jarraibideetan oinarrituta. Horrela, laneko eta Gizarte Segurantzako neurriak hartzeko aukera egongo da, zergetan onurak egon daitezke, eta tokiko korporazioek ere laguntzak jasotzeko aukera izango dute.

Guztira hamabost autonomia erkidego izendatu dituzte «Babes Zibileko Larrialdi batean larriki kaltetutako eremu»; guztiak Kantabria eta Asturias izan ezik. Rodriguezek gogorarazi du ekainetik gaur egunera arte 120 baso sute inguru gertatu direla Espainiako Estatuan, eta 200.000 hektarea baino gehiago kaltetu direla. Sute horietan hiru lagun hil dira, eta 27.000 bat pertsona etxetik atera behar izan dituzte. Rodriguezen arabera, sute horiek «ezaugarri desberdinak» izan dituzte, klima aldaketaren ondorioz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.