Hondarribiko alardea

Guztion Alardea taldeak argazki batean batzera deitu ditu herritarrak

64 andrek alardean parte hartu nahi zutela eskatuz uztailean egin zuten eskeari Alarde Fundazioak ezezkoa erantzun diola jakinarazi dute, eta udalak ez duela erantzun ere egin

arantxa iraola
2022ko abuztuaren 23a
16:31
Entzun

Hasiera batean larunbat honetarako zuten deia eginda, baina gaur jakinarazi dute aldaketa; Hondarribiko (Gipuzkoa) Guztion Alardea taldeak deitu ditu herritarrak Alardea: Guztiona, guztiontzat aldarria hauspotzeko egingo duten argazkian agertzera irailaren 2an. 18:30ean izango da topaldia, Gernikako Arbolan.

Keinu garrantzitsua izango da, festetako jai egun handiaren atarian egingo baita; hilaren 8an egingo da, ohi denez, alardea Hondarribian. Eta airean egongo da uztailean Guztion Alardea taldeak egindako jakinarazpena 64 emakumezkok egin zuten eskeari buruz: alardean parte hartzeko nahia adierazi zieten udalari eta Alarde fundazioari. «Herriko emakumeak gara, gatazkaren inguruan bizipen eta sentsibilitate ezberdinak ditugunak. Alardea maite dugu, eta gizonek duten eskubide berarekin parte hartu nahi dugu gure Alardean», adierazi zuten. Eskaera ofiziala izan zen, beren izen-abizenekin egindakoa.

Joan den astean, argazkirako deia egin zutenean, fundazioaren partetik ezezko erantzuna jaso dutela jakinarazi zuten, eta udalak ez diela erantzun. Horrek ondorio txarrak dituela argi dute. «Emakumearen parte hartzea ukatzeagatik, desfile zatitzea, ondare immaterial horren aurkako jarrera arduragabea dela iruditzen zaigu». Festak amaitzean «elkarrizketa mahaia» eratu behar dela pentsatzen dute, «konponbidea» baitute azken jomuga.

Alarde bakar baten alde

64 andreen kopurua «sinbolikoa» dela adierazi zuen Guztion Alardeak albistearen berri eman zuenean: «Badakigu, noski, askoz gehiago garela Alardean parte hartu nahi dugun emakumeak, eta are gehiago emakumearen parte hartzearen alde gaudenak». Hala, eskaerara batzera eta haiekin harremanetan jartzera deitu dituzte herriko andrazkoak. «Alardea bat eta bakarra da, hondarribiar guztion ondarea, eta edonork beharko luke bertan nahi duen moduan parte hartzeko aukera izan. Hori errealitate bat ez den bitartean, ez dago normaltasunik, ez bizikidetzarik, eta are gutxiago berdintasunik».

2019an sortu zuten herriko gazte batzuek Guztion Alardea taldea, 1990eko hamarkadan desfile parekidearen inguruan piztutako gatazka bideratzeko eskatzeko; andreak soldadu gisa onartzen ez dituen desfilearen ingurukoak dira, baina emakumeek berdintasunez parte hartzea aldarrikatu dute hasieratik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.