Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxe guztiek modu orekatuan eskolatu beharko dituzte ikasle zaurgarriak

Eusko Jaurlaritzak jendaurrean jarri du unibertsitatez kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzen dituen dekretu proiektua. Horren arabera, bermatu egingo dute «eragin eremu guztietan» ikastetxe publiko bat behintzat badagoela.

Tolosako Laskorain ikastolako ikasleak, atxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko abuztuaren 24a
13:15
Entzun

Hezkuntza eskaintzaren inguruan jarraituko duen bidea markatu du Eusko Jaurlaritzak. Oraindik behin betikoa ez bada ere, jendaurrean jarri du unibertsitatez kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzen dituen dekretu proiektua. Azkenaldian polemika sortu duten zenbait gairi erantzuten die, esaterako, segregazioaren arazoari. Dekretuan jaso dute ikastetxe publiko nahiz itunpeko guztiek modu orekatuan hartu beharko dituztela ikasle zaurgarriak: «Ikaspostuen eskaintza programatzeko orduan, dauden plaza guztiak hartu beharko dira kontuan, gizarte eta hezkuntza egoera ahulean dauden ikasleentzat gordetakoak barnean direla. Horrela, gizarte eta hezkuntza egoera ahulean edo egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleen presentzia orekatua bermatuko da eragin eremuan funts publikoekin babestutako ikastetxe guztietan». Gainera, «eragin eremu guztietan» ikastetxe publiko bat behintzat badagoela bermatuko dute, dekretuan jarri dutenez.

Dekretu berriak ikaspostuen eskaintza arautuko du. Besteak beste, aipatzen du nola jokatuko duten ikastetxe bateko eskaria eskaintza baino handiagoa denean: «Eragin eremu edo zona horretako beste ikastetxe batzuetan plaza libreak badaude, hezkuntza arloko eskumena duen sailak ikastetxe horietara bideratu ahal izango ditu sobera dauden ikasleak, onarpen prozesua arautzen duen eta indarrean dagoen araudiaren arabera baremazioa egin ondoren».

Eta zer gertatuko da ikasturtea hasita dagoela iristen diren ikasleekin? Haien eskolatzea ere arautu asmo du dekretuak, eta eskola orok «erantzunkide» izan beharko duela jasotzen du: «Hezkuntza arloko eskumena duen sailak, eskolatze batzordeen bidez, ahaleginak egingo ditu eta neurriak hartuko ditu, hain justu ere, bermatzeko funts publikoekin babestutako ikastetxe guztiak erantzunkide direla onarpen prozesutik kanpo hezkuntza sisteman sartzen diren ikasleen eskolatze orekatuan». Gaineratu dutenez, ikasturtean zehar ikastetxe jakin batzuetan gizarte eta hezkuntza egoera ahulean dauden ikasleen proportzioa ez da inguruko ikastetxeetan baino gehiago igoko. Finean, ikasle horien eskolatzea ere modu orekatuan egitea dute xede: «Eskolatze hori modu orekatuan egingo da, hezkuntzako lurralde ordezkaritzek zehazten dituzten ikastetxe publikoetan nahiz itunpeko ikastetxe pribatuetan, ikasle horien aita, ama edo legezko tutoreei entzun ondoren, onarpen prozesua erregulatzeko indarrean dauden arauek xedatutakoaren arabera».

Ratioak txikiagoak

Hezkuntzak datozen urteetan izango duen erronka —edo arazo— nagusietako bat izango da geroz eta jaiotza tasa apalagoa. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak ratioak jaistea hitzeman du dekretu berrian. Itunpeko ikastetxeetan, egun, HH Haur Hezkuntzan eta LH Lehen Hezkuntzan, hamazazpi haur behar dituzte gutxienez ikasgela bat mantentzeko; hemendik aurrera, berriz, hamahirurekin aski izango da. Ikastetxea herriko bakarra bada, 11 haurrekin ikasgelari eusteko moduan izango dira, eta administrazioak ikastetxea hezkuntza konplexutasun oso handiko ikastetxetzat jota badauka, nahikoa izango dute zortzirekin. Batxilergoan ere, jaitsiera: itunpekoetan, hemezortzi behar dituzte egun, eta hemendik aurrera, bat gutxiago. Ikastetxe publikoei dagokienez, gutxieneko ratioetan ez dago aldaketarik, eta itunpekoenak baino baxuagoak edo haien berdinak izango dira beti: HHn eta LHn, gutxienez 11, eta DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan, hamazazpi.

Ikasgela batean egon ahal izango den gehienezko ikasle kopurua ere mugatu nahi dute. Ikastetxe publikoetan, LHn gehienez 25 ume egon daitezke ikasgelako, baina, hemendik aurrera, ikasgela bakoitzean ezingo dituzte 23 ume baino gehiago eduki. Batxilergoan, berriz, orain arte baimenduta zegoen ikastetxe publikoetan 30 ikasle sartzea gelako, baina 27an jarri asmo dute muga orain. HHko eta DBHko ratioak mantenduko dituzte: 23 eta 25 ikaslekoak izango dira, hurrenez hurren. Itunpeko ikastetxeetan, berriz, ez dute aldaketarik egingo gehienezko ratioan, eta publikoetakoa baino handiagoa edo bera izango da beti: HHn eta LHn, 25; DBHn, 30; eta Batxilergoan, 35.

Ikastetxe integratuak sustatzen

Hezkuntza Sailak beste asmo bat ere jaso du dekretu proiektuan: ziurtatu du ahaleginak egingo dituela ikastetxe integratuak sortzeko; alegia, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eskaintzen duten ikastetxeak sustatzeko asmoa du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.