Donostiako 70. Zinemaldia

Beckermann, Palmason eta Stricklanden lanak izango dira Zabaltegi-Tabakalera sailean

Santiago Loza argentinarra Amigas en un camino de campo film luzearen mundu mailako estreinaldiarekin itzuliko da Donostiako Zinemaldira.

Hylnur Palmasonen 'Godland' filma. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
mikel lizarralde
2022ko abuztuaren 24a
16:15
Entzun

Donostiako 70. Zinemaldia hasteko hiru aste pasa gelditzen diren honetan, jaialdiaren programazioa osatzen duten atal guztietako filmen berri ematen segitzen dute antolatzaileek. Gaur, hain zuzen ere, Zabaltegi-Tabakalera sailean emango dituzten hamahiru film luzeren, zortzi laburren eta iraupen ertaineko baten berri eman dute. Zinemaldia irailaren 16tik 24ra arte egingo da.

Antolatzaileek beraiek definitu izan dute Zabaltegi-Tabakalera zinemaldiko lehiazko «sailik irekiena», eta, ondorioz, ezaugarri komunei izkin egiten dieten filmak emango dituzte aurten ere. Pelikula gehienak beste zinema jaialdi batzuetan estreinatutakoak izango dira (Berlin, Cannes, Locarno, Rotterdam, Jeonju, Sundance eta Venezia), baina izango da lehenengo aldiz ikusiko den film bat ere, Santiago Loza argentinarraren (Cordoba, 1971) Amigas en un camino de campo filmak Donostiako Zinemaldian izango duelako mundu mailako estreinaldia. Lozak Zinema Eraikitzen egitasmoan eta Koprodukzio Foroan parte hartu izan du aurretik, eta Horizontes Latinos sailean ere izan zen orain dela bi urte Edición limitada filmarekin. Amigas en un camino de campo adiskidetasunari, neguko paisaiei eta poesiari buruzko filma da, eta mendiko herri bateko bi lagun ditu protagonista, herrian zerutik erori zaien harri baten bila aterako direnak.

Zabaltegi-Tabakaleraren ezaugarrietako bat da ezaugarririk ez izatea, eta, ondorioz, bere programazioan zinemagile beteranoak eta hasiberriak biltzen dira, fikzioak eta dokumentalak. Ruth Beckermannek (Viena, 1952) dokumentala izan du bere zinema ibilbidearen ardatza 1977an Arena besetzt filma estreinatu zuenetik, eta Donostian aurkeztuko duen lan berriak ere (Mutzenbacher) ez-fikzioa du oinarri, nahiz eta Josefine Mutzenbacher, Vienako prostituta baten istorioa eleberria duen oinarrian. Nobela hori modu anonimoan argitaratu zuten 1906an, eta, berehala, polemika handia piztu zuen, haurren eta emakumeen sexualitatearen deskribapen lizunak egiten zituelako. Filmean, Beckermannek casting baterako deialdia egingo du, eleberri pornografiko horren egokitzapen bat egiteko.

Dokumentala da Meet me in The Bathroom ere, Dylan Southern eta Will Lovelace zinemagile britainiarrek lau eskutara zuzendutako lana. Bjork, Jack White eta Blur musika artista eta taldeei buruzko dokumentalak egin izan dituzte aurretik, eta oraingoan, berriz, XXI. mende hasieran New York hirian gorpuztu zen musika oldeari begiratu diote. Hala, dokumentalean The Strokes, LCD Soundsystem, Yeah Yeah Yeah eta beste hainbat talderen musikak eta bizipenak bildu dituzte. Filma Sundancen estreinatu ondoren iritsiko da Donostiara.

Salvador, inaugurazioan

Thomas Salvador frantziarrak (Paris, 1973) Zuzendari Berriak sailean estreinatu zuen Vincet n'a pas d'ècailles bere lehenengo lana, eta Zabaltegi-Tabakalera sailean izango da aurten, den-dena utzi eta Alpeetan kokatzea erabakitzen duen ingeniari paristar bati buruzko filmarekin: La montagne. Cannesko jaialdiko Errealizadoreen hamabostaldian aurkeztu zuen filma eta Zabaltegi-Tabakalera saila zabaltzea egokituko zaio oraingoan.

Bigarren filma du Anders Emblem norvegiarrak (Alesund, 1985) A Human Position, eta Donostian baino lehenago hainbat jaialditan eman dute, Rotterdamen eta Jeonjun, besteak beste. Asta izeneko kazetaria du protagonista filmak, Norvegia mendebaldeko kostaldeko herri batean bizi dena eta bertakoa izateari esanahia bilatzen ari zaiona. Asilo eskatzaile baten desagertzeak bete-betean eragingo du haren bizitzan.

Jeonjuko zinema jaialdian filmik onenaren saria eskuratu zuen Cyril Schaublin zinemagile suitzarraren (Zurich, 1984) Unrueh lanak, eta baita zuzendaririk onenaren saria ere Berlinaleko Encounters sailean. Schaublinek zuzentzen duen bigarren film luzea da, eta XIX. mendean dago girotua, erlojuen fabrikazioan diharduen eta mugimendu anarkistak indarra hartu duen herri txiki batean.

Berlinalen izan zen Natalia Lopez Gallardoren (La Paz, 1980) Manto de gemas ere, eta, hain zuzen ere, Epaimahaiaren saria jaso zuen bertan. Emakume baten desagertzea du abiapuntu filmak, eta krimen antolatuaren indarkeria aztertzen du.

Laura Citarellak (La Plata, Argentina, 1981) Veneziako Zinemaldiko Orizzonti sailean aurkeztuko du Trenque Lauquen, hau ere emakume baten desagerpen misteriotsutik abiatzen dena, eta Donostian hari egokituko zaio Zabaltegi-Tabakaleraren programazioa ixtea. Andres Di Tellarentzat (Buenos Aires, 1958), berriz, ez da berria Donostian egotea; izan ere, Zabaltegi-Tabakaleran aurkeztu ditu aurretik 327 cuadernos (2015) eta Ficción privada (2019). Orain, Diarios ekarriko du zinemaldira, BAFICI jaialdiaren azken edizioan estreinatutako pieza laburren sorta. Sakelako telefonoarekin grabatutako irudiak, artxibo pertsonala eta aurkitutako materiala bildu ditu haurtzaroko oroitzapenak, lagunen potretak eta beste jasotzeko.

Ann Orenen (Tel-Aviv, 1979) lehenengo filma da Piaffe, eta Locarnon izan ondoren aurkeztuko du Donostian. Bizkarrean zaldi buztan bat ateratzen zaion emakume bat da pelikulako protagonista da. Hylnur Palmason zinemagile islandiarrak, bestalde, bere hirugarren film luzea erakutsiko du Donostian, Godland, Cannesko Un Certain Regard sailean estreinatu zuena. XIX. mendean dago girotua filma, eta Islandiako eremu urrun batera eliza bat eraiki eta bertakoei argazkiak egitera joango den apaiz gazte bat du protagonista.

Film laburren sorta

Zabaltegi-Tabakaleran hainbat film labur ere emango dituzte. Hain zuzen ere, Godland film luzeaz gain, Nest iraupen laburrena pelikula ere aurkeztuko du Palmasonek Donostian. Urtebete zuhaitz batean etxe bat elkarrekin eraikitzen eman zuten senide batzuen ibilerak kontatzen ditu filmak.

Zinemaldian behin baino gehiagotan izan diren zinemagile ezagunak film laburrekin izango dira aurten bertan. Horietako bat da Peter Strickland ingelesa: 2018an Sail Ofizialean lehiatu zen In Fabric filmarekin, eta orain dela bi urte Zabaltegi-Tabakaleran erakutsi zuen Cold Meridian. Aurten, berriz, Black Narcissus (Passion of The Swamp) emango du Zinemaldian, zeinetan film pornografikoen zuzendari beterano batek bere iragana gogoratzen duen. Lee Chang-dong ere (Daegu, Hego Korea, 1954) ezaguna da Donostian, Poetry Perlak sailean izan baitzen 2010ean. Oraingoan, Heartbeat lan laburra ekarriko du.

Diego Cespedesen (Las criaturas que se derriten bajo el sol), Bi Ganen (Po sui tai yang zhi xin / A Short Story), eta Erik Shirai eta Masako Tsumuraren Nowhere To Go But Everywhere film laburrak, eta Takayuki Fukataren Naname no rouka / Itchan and Satchan film ertaina ere izango dira Donostiako Zinemaldian.

Gaur iragarritako filmez gain, aurretik jakinarazitako beste lau lan ere izango dira Zabaltegi-Tabalera sailean: El agua (Elena Lopez Riera), Cerdita (Carlota Pereda), Hirugarren koadernoa (Lur Olaizola) eta Cuerdas (Estibaliz Urresola).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.