Gerra Ukrainan

Otsailetik 2.000 ukrainiar heldu dira Nafarroara

Gehienek babes eskaera tramitatu dute Iruñean eta Tuteran. Urkullu lehendakariak «harrera elkarte eta erakundeen lankidetza» eskertu du.

Ukrainatik iritsitako errefuxiatu batzuk Gernikan. ANE MARURI ARANSOLO, BUSTURIALDEKO HITZA.
Ion Orzaiz - Edurne Begiristain
2022ko abuztuaren 24a
19:56
Entzun

Otsailaren 24an Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik, 2.000tik gora errefuxiatu iritsi dira Nafarroara. Zehazki, 2.181 dira hilabete hauetan gatazka guneetatik heldu diren ukrainarrak: 1.111 emakumezko, 303 gizonezko eta 767 adingabe. Maria Txibiteren gobernuak zehaztu du, hala ere, horiek denak ez daudela uneotan herrialdean: asko, Nafarroara iritsi ostean, beste erkidegoetara lekualdatu dira, Europako Batasuneko beste herrialde batzuetan babesa bilatu dute edo sorterrira itzuli dira. Gehienek [1.435ek] Europako Batasunak eskaintzen duen behin-behineko babes agiria tramitatu dute dagoeneko, Iruñeko eta Tuterako immigrazio bulegoetan.

«Errefuxiatuak Nafarroara iristen ari dira oraindik ere, baina, zorionez, hasieran baino askoz erritmo apalagoan», azaldu du Javier Remirezek, Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak. «Harrera egin zaie maila guztietan: etxebizitza baliabideei, hezkuntzari eta lan gizarteratzeari dagokienez».

Remirezek gaineratu du Nafarroa herrialde «solidarioa» dela, ez Ukrainarekin soilik, «baita beste herrialde askotako errefuxiatuekin ere». Osasun eta hezkuntza baliabideak nabarmendu ditu lehendakariordeak: hala, Ukrainako 1.158 errefuxiaturi bermatu diete osasun sistema publikorako sarbidea, eta Ukrainako 308 haur eskolatuak izan dira Nafarroako 105 ikastetxetan: 49, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan; 171, Lehen Hezkuntzan; 85, DBHn; eta hiru, batxilergoan.

Gasteizen, bestalde, bilera egin du gaur desplazatuei harrera egiteko Eusko Jaurlaritzak antolatutako mahaiak. Iñigo Urkullu lehendakariak esker ona adierazi die iheslariekin lan egiten duten elkarte eta erakundeei, eta gaineratu du Jaurlaritzak «konpromiso irmoa» duela «elkartasunarekin eta giza eskubideekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.