Adinekoen zaintza

Adinekoen artean, %86k nahiago dute etxean bizitzea egoitza batean baino

Nafarroako Gobernuak 65 urtetik gorakoei egindako ikerketa batetik ateratako datuetako bat da; etxeetako arta hobetzeko urratsetan aurrera ari dela nabarmendu du erakundeak.

arantxa iraola
2022ko abuztuaren 26a
13:18
Entzun

Eguneroko martxan jarraitzeko zailtasunak dituztenean zer bizimodu klase nahi duten galdetu die Nafarroako Gobernuak 65 urteko 800 pertsonari inkesta batean, eta %86ek erantzun dute etxean bertan bizitzen jarraitu nahi dutela. %10ek esan dute egoitza batera joateko prest leudekeela esan, eta gainerakoek, etxebizitza egokitu baten aldeko hautua egingo luketela. 80 urtetik gorakoen artean %21 dira, ezinean badaude, egoitzaren hautua hobesten dutenak. Gainerakoek nahiago dute etxean jarraitu.
Alde handiarekin, etxearen aldeko hautua egiten dute gehienek, eta Nafarroako Gobernua ere horren aldeko urratsak sustatzen ari dela nabarmendu du gaur, inkestaren emaitzen berri emateko egin duen agerraldian, Gizarte Eskubideen kontseilari Carmen Maeztuk. «Hain zuzen ere, ahalegin handia egiten ari gara etxeetan zaintzaile profesionalak kontratatzeko, arta telematikoa hobetzeko, eguneko zentro berriak irekitzeko, eta etxebizitzen egokitzea sustatzeko».
Zerbitzu digital eta telematikoak erabiltzeko dituzten zailtasunen inguruan ere galdera egin diete adinekoei inkestan. Maezturen arabera, haien «kezka» nagusien artean ez dago, baina onartu dute laguntza behar izaten dutela askotan halakoetarako, eta horiek horrela gobernuak asmoa du propio adinekoei arlo horretan laguntzeko «programak» martxan jartzeko.

Bakardadeaz
Bakardadeari buruz ere galdera egin diete edadeko pertsonei. %70ek esan dute ez direla inoiz bakarrik sentitzen. %9 ia beti bakarrik sentitzen dira. Portzentaje horri ere erreparatu behar zaiola esan du Maeztuk, eta propio halako egoerak eragozteko politikak sustatzen jarraituko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.