HEZKUNTZA

Nafarroako Gobernuak Pirinioetako ikasleentzat proposatu duen garraio zerbitzuari ezezkoa eman diote familiek

Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasle batzuek egunean lau ordu eman beharko lituzkete autobusean, Gimenoren planteamenduaren arabera.

Eskola garraio zerbitzua, Otsagabian (Nafarroa). IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2022ko abuztuaren 26a
13:41
Entzun

«Etsigarria». Pirinioetan bizi eta ikastera Iruñera joan behar duten ikasleen familiek horrela definitu dute Nafarroako Gobernuak atzo egin proposamena. Ekainaren 4an, indarrean sartu zen Nafarroan eskola garraioaren foru arau berria, eta, bertan, ikastetxera autobusez joateko eskubidea aitortzen zitzaien Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleei ere. Pirinioetako zenbait familiak hasieratik salatu zuten arau berriak ez zuela beren egoera aintzat hartzen, ibarrean ez baitago Batxilergoko instituturik —Irunberrin eraikitzea aztertzen ari da Hezkuntza Departamentua—, ezta eskola garraio zerbitzurik ere.

Pirinioetako familiek aldarrikapen argia egina zioten Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenori: autobus zerbitzu berria ezartzea, Pirinioetako herriak hiriburuarekin lotzeko. Aukera horri, baina, ezezkoa eman zion Hezkuntza Departamentuak, atzoko bileran. «Esan ziguten ez ditugula gutxieneko ratioak betetzen autobus ibilbide berri bat ezartzeko. Eta egia da. Ez ditugu ratioak betetzen, eta ez ditugu inoiz beteko. Gure herri eta ibarretako biztanle dentsitatea aintzat hartuta, ezinezkoa izanen da gutxieneko ikasle kopurura iristea, ez ikasturte honetan ezta hurrengoetan ere», azaldu dute gurasoek, ohar batean.

Horren ordez, egun Agoitz eta Iruñe arteko ibilbidea egiten duen autobus zerbitzua Garralda herriraino luzatzea proposatu zien Hezkuntzak. Familien ustez, proposamen horrek ez ditu aintzat hartzen Pirinioetako herrietan bizi diren ikasleen beharrak. «Autobus zerbitzu berri hori 06:20ean aterako litzateke Garraldatik. Horretarako, baina, Garraldan bizi ez diren ikasleen familiek beren kabuz desplazatu beharko lukete hango geltokiraino Auriztik, Aurizberritik, Hiriberri-Artzitik, Biskarretetik, Lintzoaindik, Errotik eta Orondriztik». Desplazamendu horiek «ez hankarik ez bururik» ez dutela uste dute Pirinioko familien ordezkariek: «Geografikoki zentzugabea da, baina, horrez gain, eskualdeko meteorologia aintzat hartuta ere, argi dago ez dela aukera egokia. Familiei proposatzen digutena da, goizero-goizero, 05:45ean joan beharko dugula Pirinioetako eremurik konplikatuenera, autobusean itzulinguru handia eginda, Iruñera iristeko. Ba al daki Hezkuntza Departamentuak ze ordutan hasten diren elurra kentzeko makinak pasatzen?».

Horrek, gainera, ondorioak izanen lituzke ikasleen egunerokoan: «Autobusa 07:30ean iritsiko litzateke Iruñeko Merindades plazara, eta handik, ikasle bakoitzak bere kabuz joan beharko du bere ikastetxera, hiri garraioa erabilita. Itzulerako ibilbideaz are informazio gutxiago eman ziguten. Dakiguna da Garraldara 16:40 aldera iritsiko direla ikasleak. Handik, bakoitza bere herrira itzuliko da, arratsaldeko ordu horietan bazkaltzeko».

Horregatik guztiagatik, gobernuaren planteamenduak «etsipena eta amorrua» eragin diela gaineratu dute, eta ezezkoa eman diote proposamenari. «Guretzat ez da erraza izan ezezkoa ematea. Horrek esan nahi du hutsetik abiatu behar dugula, ikasturtea hasteko hamabost egunen faltan. Familia batzuk hasiak dira Iruñean ikasle egoitzak bilatzen, beren seme-alabak Iruñean geldituko direla ikusita». Gainerako familiek «garraio zerbitzu propioa» antolatuko dute datozen egunetan, «horretarako beharrezko ditugun baliabide ekonomiko eta logistikoak bilatuz». Nafarroako Gobernuko Proiektu Estrategikoko Departamentuaren eta Pirinioetako tokiko entitateen babesa dutela gaineratu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.