Etiopia

Armadak haur eskola bat bonbardatu duela salatu du TPLFk

Gutxienez lau dira hildakoak, tartean bi adingabe. Etiopiako Gobernuak eskatu die herritarrei urrun daitezela gerrilla dagoen tokietatik, eta su etena urratu izana egotzi dio TPLFri.

Tigrayko gerraren lehen urteurrena gogoratzeko elkarretaratze bat, iaz, Addis Abeban, Etiopiako hiriburuan. EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko abuztuaren 26a
15:12
Entzun

TPLF Tigray Askatzeko Herri Fronteko eledun Getachew Redak salatu du Mekelle hiriburuko haur eskola bat bonbardatu dutela gaur goizean, Tigray eskualdean, eta Etiopiako armadari egotzi dio erantzukizuna. «Erasoaldi handia hirugarren egunean sartu denean, Etiopiako Gobernua bere ohiko egitekoetara itzuli da, zibilei erasotzera. Alde bakarra da bonbekin egiten duela orain, lehen gure herria bakartuz eta gosez utziz egiten zuena», esan du Redak. Gutxienez lau dira hildakoak, tartean bi adingabe.

Gobernuak ukatu egin du erasorik egin izana, eta egotzi dio gerrillari borrokekin jarraitzea, beraiek «negoziazioetarako atea zabalik» dutenean. Abiy Ahmed lehen ministroak zuzentzen duen exekutiboak eskatu die herritarrei urrun daitezela gerrillarien kontrolpeko eremuetatik, eta ohartarazi du «neurriak» hartuko dituela «talde matxinoaren bakearen aurkako sentimenduak babesten dituzten militarren aurka».

Duela bi urte gerra hasi zenetik erabat bakartuta dago Tigray eskualdea, argindarrik eta telefono bidezko komunikaziorik gabe. Horren zuzeneko ondorioa da atzerrian senideak dituztenek ezin dutela haiekin harremanetan jarri. Hori da OME Osasunaren Mundu Erakundeko idazkari nagusi Tedros Ghebreyesusen kasua: «Senide asko ditut bertan. Dirua bidali nahi diet, baina ezin dut. Ez dakit nortzuk dauden bizirik, eta nortzuk hilik».

Ez da lehen aldia Tedrosek Etiopiako egoera salatzen duena. Joan den asteazkenean salatu zuen Etiopiako egoera Ukrainakoa baino okerragoa dela, eta iradoki arrazakeria dagoela nazioartearen erantzuna horren desberdina izatearen atzean.

Etiopiako Gobernuari egotzi diote giza laguntza blokeatzea, borroken aitzakian. Milaka dira hildakoak eta beste milioika dira berehalako laguntza behar dutenak. Munduko Elikadura Programaren arabera, Tigrayko 5,5 milioi herritarretatik erdiak daude egoera larrian. Joan den martxoan su etena hitzartu zuten bi aldeek, baina aste honetan bertan berriz hasi dituzte borrokak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.