Euskal presoak

«Mendekuan oinarritutako justizia» arbuiatu du Sarek Bilboko kaleetan

Manifestazioa egin dute, Bilboko konpartsekin batera, euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko

Konpartsetako kideak manifestazioaren buruan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
2022ko abuztuaren 26a
15:41
Entzun

Aste Nagusi guztietan bezala, manifestazioa egin dute Sarek eta Konpartsen Koordinakundeak Bilbon, Etxera bidea gertu lelopean. Manifestazioaren amaieran, Sareko eledun Bego Atxak eta Joseba Azkarragak deitoratu dute Espainiako zenbait epaile eta fiskalek daukaten jarrera euskal presoen gradu progresioaren eta espetxeko baimenen inguruan, eta «mendekuan oinarritutako justizia» ezarri nahi izatea leporatu diete. «Epaile eta fiskalek eskubidea dute ideologia propioa izateko», azaldu dute, «baina ez dute eskubiderik ideologia hori euskal presoen oinarrizko eskubideei eragiten dieten erabaki judizialetan aplikatzeko».

Sareren ustez, ez da onargarria «500 kilometrora dauden epaile eta fiskalek» euskal gizartearen gehiengoaren borondatea «mespretxatzea». Bereziki, Espainiako Auzitegi Nazionalean «gotortuta» daudenak kritikatu dituzte, «inolako justifikaziorik gabe espetxe politika arrunta aplikatzea oztopatzen eta eragozten ari direlako».

Horri kontrakarrean, biktimen jarrera balioetsi dute Azkarragak eta Atxak. Esan dutenez, gero eta gehiago dira «ahots propioz» mintzatzen diren indarkeriaren biktimak, eta «askatasunik gabe dauden pertsonen eskubideak ez urratzeko» eskatzen dutenak.

Bide luzea

Egoera asko aldatu da Bilboko Aste Nagusiko azken manifestazioa egin zenetik, eta hori, Sareren ustez, gizartearen mobilizazioari eta arlo politiko, sindikal eta instituzionalean akordioak egiteko gaitasunari esker lortu da: «Honaino iristen jakin badugu, argi dago gauza gehiago egin ditzakegula». Hala ere, «ez erlaxatzeko» deia egin dute: «Oraindik bide luzea gelditzen zaigu». Gogorarazi dute preso asko Euskal Herriko kartzeletara ekarri dituztela, baina oraindik 47 preso gelditzen direla Daroca, Zuera, Madril, Villabona eta Espainiako beste zenbait kartzelatan, eta horiek ere Euskal Herrian egoteko eskubidea dutela.

Sareren iritziz, ez da onargarria oraindik egoera horri eustea, Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek urruntzea amaitzeko konpromisoa adierazi zuenetik lau urte baino gehiago igaro ostean.

Manifestazioa Plaza Eliptikotik abiatu da, eta konpartsetako kideek eraman dute hasierako pankarta. Udaletxearen aurrean egindako ekitaldi politikoarekin amaitu da

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.