Espainiako Vuelta

Herrada nagusitu da Cistiernako helmugan

Beste bost lagunekin batera ihesean aritu da Cofidisekoa, eta esprintean lortu du garaipena. Evenepoelek jarraitzen du lider

Jesus Herrada garaipena ospatzen. JAVIER LIZóN / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2022ko abuztuaren 26a
17:45
Entzun

Jesus Herradak (Cofidis) irabazi du Espainiako Vueltako zazpigarren etapa, esprintean. Ihesaldiarentzako egun aproposa zen gaurkoa, eta tropelak nahi ez bazuen ere, hala izan da. Aurreko egun gogorraren ostean, eguna lasaiago hartu nahi du askok, baina ez dute atseden hartzeko betarik izan. Abiadura bizian aritu dira egun osoan zehar, Trekek etapa gogortzea erabaki baitu San Glorion (24 kilometro luze eta %5eko pendiza), eta sagua eta katua bezala aritu dira tropela eta ihesaldia. Faboritoak elkarrekin iritsi dira, eta Remco Evenepoelek (Quick-Step) jarraituko du lider.

Camargotik (Espainia) abiatu da Espainiako Vueltako zazpigarren etapa. Eguneko ihesaldian sei txirrindulari sartu dira: Fred Wright (Bahrain), Jimmy Janssens (Alpecin), Harry Sweeny (Lotto-Soudal), Omar Goldstein (Israel), Samuele Battistella (Astana), eta Herrada bera. Lau minututik gorako aldea izan du seikoteak, baina eguneko mendatera iristean, Trek buru belarri jarri da lanean tropelean. San Glorio amaigabean gora ibili dira txirrindulariak, eta Treken lanaren ondorioz, 2.30era murriztu da aldea. Goldsteinek, ordea, ezin izan du iheskideen erritmoan  aritu, eta atzean gelditu da mendatean bertan.

Bi ziren Treken helburuak. Alde batetik, ihesean zegoen seikotea harrapatzea, eta beste aldetik Sam Bennett (Bora) garaipenaren lehiatik kanpo uztea. Mads Pedersen zen Estatu Batuetako taldearen aukera. Orain arteko etapetan hiru aldiz egin du bigarren, eta lehenengo garaipenerako bidea errazten saiatu dira taldekideak. Bennettek 30 segundo inguru galdu ditu San Glorion, baina bi taldekideren laguntzarekin tropelean sartzea lortu du, sasiordekan.

Bennett tropelean sartu denean, Trek tropelaren burutik kendu da, Pedersenek zenbait taldekide galdu baititu mendatean gora lan egin eta gero. Horrek geldialdia ekarri du tropelean, eta hainbat taldek hartu dute orduan tropelaren burua: besteak beste, Arkeak, BikeExchangek eta Borak. Mugimendu horrek egin dio min gehien boskoteari, baina hala ere, tropelak ez du lortu boskotea harrapatzea.

Azken kilometroan hasi da ihesean zeudenen arteko kontrol lana, eta esprintean erabaki da irabazlea. Argi zeukaten haien artean zegoela eguneko garailea, eta markaketa zorrotza egin diete elkarri. Wrightek abiatu du esprinta, baina luze egin zaio helmugarako bidea. Herradak hartu dio aurre, eta helmugako argazkian irabazi du. Battistellak egin du bigarren, eta tropela 29 segundora iritsi da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.