Ingurumena

Akordiorik gabe amaitu da ozeanoak babesteko goi bilera

Ohartarazi dute aurten itun bat egin ezean ezingo direla 2030erako ozeanoen %30 babestu. Txinak eta Errusiak jarri diete oztopo gehien elkarrizketei.

Urpekari bat, itsas hondoan. AMBIENTAL SUBMON, EFE
Jon Ordoñez Garmendia - Arantxa Elizegi Egilegor
2022ko abuztuaren 27a
07:05
Entzun

«Akordioa blokeatuta dago, batez ere Txinak eta Errusiak hala nahi izan dutelako, arrazoi ideologikoak direla medio», aitortu dio BERRIAri Pilar Marcosek, ozeanoen aldeko kanpainarako Greenpeaceren ordezkariak, New Yorketik. Izan ere, bosgarren saioan ere akordiorik gabe amaitu da ozeanoen babesa negoziatzeko goi bilera. Bi aste iraun dute New Yorken, NBE Nazio Batuen Erakundearen egoitzan egin dituzten elkarrizketek, eta, ituna gertuago dagoela iragarri badute ere, ozeanoek itxaron egin beharko dute. Ez dute iragarri noiz izango den seigarren goi bilera.

Lau urte dira jada mundu osoko herrialdeak ozeanoak babesteko itun bat negoziatzen hasi zirela. Azken saio hau amaitu ondoren, Rena Lee konferentziako presidenteak esan zuen denbora gehiago behar dutela akordio bat erdiesteko.

Ikusi gehiago:Ozeanoen alde, erlojuaren kontra

Greenpeaceren arabera, itsaspeko baliabide genetikoen erabilera izan da oztopo handietako bat. «Baliabide genetiko bat da itsasoan dagoen edozein landare edo animalia, eta horien gainean patente bat ezar dezakete aurkitzen dituztenek. Kontua da herrialde aberatsentzat errazagoa dela itsas espezieen geneak aztertzeko ikerketak finantzatzea, eta, beraz, gerora balio ekonomikoa izan dezakeen zerbaiten gaineko patentea bereganatzea», azaldu du Marcosek. Oztopo hori ere gainditu dute, ordea, negoziatzaileek, azken orduetan egindako ahaleginari esker.

Ostegunean eman zuen Greenpeacek lehen abisua: negoziazioak ez zihoazen bide onetik. Ostiral goizaldean, baina, urratsak egin zituzten aldeek; besteak beste, aipatutako baliabide genetikoen alorrean eta itunak nazioarteko uretan inguru babestuak sortzeko izango lituzkeen eskumenetan. Hala ere, Leek bertan behera utzi ditu gaur. «Zaila da. Ukrainako gerrak dena zipriztintzen du. Lehen astean, Errusiako ordezkariak uko egin zion Europako Batasunekoekin esertzeari», salatu du Marcosek.

Ozeano Bareko uharteak eta Karibeko herrialdeak izan dira ituna lortzen gehien ahalegindu direnak, erakunde ekologistaren arabera. Baina ez da nahikoa izan. «Garrantzi politikoa» falta izan dute negoziazioek, Marcosen iritziz: «Negoziazio hauek oso garrantzitsuak dira. Planetaren erdia babesteaz ari gara, baina, hala ere, estatuek ordezkaritza teknikoak bidali dituzte; soilik ministro batek parte hartu du, Frantziakoak, eta azken bi egunetan AEBetako Itsas idazkariak».

Denbora

Helburua 2020rako itun bat sinatzea zen, eta, pandemiak prozesua atzeratu ondoren, akordioa aurten lortzea zen asmoa. Bosgarren negoziazio fasea akordiorik gabe amaitu ondoren, zaila izango dute munduko estatuek urte amaierarako akordio batera iristea.

Greenpeaceren arabera, ituna aurten sinatzen ez badute, oso zaila izango da 2030erako ozeanoen %30 babestea. Hainbat herrialdetako zientzialarien arabera, babes hori gutxienekoa da itsasoko ekosistemek gaur egun jasaten duten presiotik errekuperatzeko. «Urte bukaera baino lehen egin beharko litzateke ezohiko negoziazio saioa, eta akordioa itxi. Ondoren, estatuek berretsi beharko dute ituna, eta, azkenik, beharrezko tresnak abian jarri indarrean sar dadin. Denbora behar da hori guztia egiteko. Berandutzen bagara, ez gara iritsiko», ohartarazi du Greenpeaceko ordezkariak.

Marcosen iritziz, oinarrizkoa da hurrengo saioan «goi mailako erabaki diplomatikoak» hartzea, eta eztabaida teknikoetatik diplomatikoetarako jauzia egitea: «Egunotan, lehendik erabakita zeuden puntuetara itzultzen ikusi ditugu ordezkariak, eta etsigarria izan da».

Dena den, urratsak egin dira. Besteak beste, akordio zirriborroak jasotzen du zer-nolakoa izan behar duen itsas eremu babestu batek. Izan ere, gaur egun nazioarteko arrantza erakundeek erabakitzen dute noiz eta non arrantzatu, kontserbatzaileen onespenik gabe. «Herrialde batzuk ahalegindu dira akordioak hori manten zezan. Baina horrek ez du zentzurik, eremu babestu batean arrantza industriala baimentzen baduzu babesa paperera mugatzen delako», esan du Marcosek.

Elkarrizketetan begirale moduan egon diren ekintzaileen arabera, oinarrizkoa da itsas babeslekuak sortzeko aukera jasotzea akordioak, nazioarteko uretan dauden espezieak desager ez daitezen. Izan ere, nazioarteko urak dira ozeanoen %64, eta oraindik aztertzeko dauden ekosistema eta espezie anitz aurki daitezke bertan, adituen arabera. Baina itsasontzien irismen gero eta handiagoak, itsaso sakoneko meatzaritzak eta espezieen bioprospekzioaren gisako jarduera berriek handitu egin dute biodibertsitatea galtzeko arriskua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.