TXIRRINDULARITZA

Jay Vinek bigarrenez irabazi du Espainiako Vueltan

Txirrindulari australiarra eguneko ihesaldian sartu da, eta indartsuena izan da Collau Fancuayako igoera gogorrean. Evenepoelek, Masek eta Roglicek aldea atera diete beste faboritoei. Landa ihesean ibili da, baina atzean geratu da azken igoeran.

Jay Vine, garaipena ospatzen. JAVIER LIZON / EFE
Julen Etxeberria.
2022ko abuztuaren 27a
18:03
Entzun

Txirrindulari guztiek bezala, Jay Vinek (Alpecin) makina bat ordu egin zituen arrabolean COVID-19aren pandemiak lehiaketa guztiak eten zituen bitartean. Egin, eta nabarmendu. Munduko eSports Txapelketa irabazi zuen, eta, horri esker, Alpecin taldeak kontratua eskaini zion. Urtebeteko egokitzapenaren ostean, ikusgarri dabil australiarra denboraldi honetako azken txanpan. Espainiako Vueltan jokatu diren mendiko bi etapak irabazi ditu: joan den ostegunean, seigarrena, Pico Janon amaitu zena; eta, gaur, bederatzigarrena, Collau Fancuayan bukatu dena.

Eguneko ihesaldian sartu, eta azken igoeran indartsuena izanda nagusitu da Vine. Hiru iheskide izan ditu atzetik: Marc Soler (UAE) eta Rein Taaramae (Intermarche), 43 segundora, eta Thibaut Pinot (Groupama), 45era. Liderra sartu da jarraian, Remco Evenepoel (Quick-Step), 1.20ra. Harekin batera helmugaratu dira Enric Mas (Movistar) eta Primoz Roglic (Jumbo). Hiru txirrindulari horiek aldea atera diete beste txirrindulari nagusiei: hamahiru segundo Simon Yatesi (BikeExchange) eta Carlos Rodriguezi (Ineos); 50, Joao Almeidari, Juan Ayusori (UAE) eta Ben O’Connorri (Ag2r); eta 56, Hugh Carthyri (Education First) eta Jai Hindleyri (Bora), besteak beste. Richard Carapaz (Ineos) izan da denbora gehien galdu duena Evenepoel, Mas eta Roglicekiko: 3.50. Sailkapen nagusian, Evenepoelek 28 segundo ateratzen dizkio Masi, eta 1.01 Roglici.

Mikel Landa (Bahrain) izan da lehen euskal herritarra helmugan, 23. postuan, irabazlearengandik 2.57ra. Murgiarrak ohi baino helburu apalagoak ditu ekitaldi honetan: «Pixka bat falta zait. Urrun ikusten dut podiuma. Etaparen bat irabazten saiatuko naiz», dio helburuez galdetzen dioten aldiro. Gaur egin du lehen ahalegina, eta eguneko ihesaldian sartu da. Baina atzean geratu da azken igoeran.

Ibilbideak beste estutu bat emango die bihar txirrindulariei, oso gogorra baita bederatzigarren etapa, Villaviciosan hasi eta Les Praeresko gainean amaituko dena (171,4 kilometro). Bost mendate igoko dituzte, tartean, lehen mailako bi: etaparen erdian, Mirador del Fito —bederatzi kilometro eta %9ko batez besteko pendiza—, eta amaieran, Les Praeres —3,9 kilometro eta %12,9—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.