Etxebizitza

Saltzekotan dira berriz Arbonan okupatu zuten etxea

Notarioak salmenta agintza igorri dio SAFER laborantza lurrak kudeatzeko egiturari. Hiru bastiza eta lau hektarea lur hiru milioi euroan erosi nahi ditu Parisko bikote batek. Laborarien eta hautetsien beha, SAFER «prest» agertu da lehentasunezko erosketa partziala egiteko.

Arbonako lurren eta etxearen okupazioa, iaz. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko abuztuaren 29a
10:27
Entzun

«Iragan urteko egoerara itzuli gara». Horrela mintzatu da Isabelle Capdeville Lurzaindia elkarteko kidea. Azaldu du Arbonako etxea (Lapurdi), bazterreko bi bastiza eta inguruko lau hektarea lur erosteko proposamena igorri diola notarioak SAFER laborantza lurrak kudeatzeko egiturari. Laborantza eremuan dira denak.

Iazko ekainean, etxea eta inguruko ia hamabost hektarea zeuden salgai, hiru milioi euroan. Lurren parterik handiena orain ez da salmentan sartzen, baina prezioa, ordea, bera da. «Espekulazioa are handiagoa da. Dena den, jabearen helburua hiru milioi euro biltzea da; hori nahi du, eta, maluruski, jende batzuk prest dira prezio horretan erosteko», deitoratu du Capdevillek.

Salmenta promesaren agiriaren arabera, Parisko bikote bat da erosteko prest dena. Egungo jabea Yves Borotra da, eta Suitzan bizi da. Capdevillek segurtatu du ondoko egunetan ikusiko dutela zer segida eman aferari. Hiru aste dituzte salmenta oztopatzeko; SAFER egiturak, gainera, lehentasunezko erosketa partziala egiten ahal du laborantza lurrak erosteko.

SAFER, prest

Jean Claude Saint-Jean SAFER egiturako Ipar Euskal Herriko buruak adierazi du «probokazio hutsa» dela salmenta berria. «Lehenbiziko salmentan hamar hektarea baino gehiago saltzen zituen hiru bastizekin hiru milioi euroan, eta, orain, lau hektarea eta hiru bastizak prezio berean», asaldatu da. Hala, laborarien eta Euskal Hirigune Elkargoko hautetsien jarreraren beha egonen direla azaldu du, segurtatuz SAFER «prest» dela lehentasunezko erosketa partziala egiteko. Zehaztu du multzo guztia laborantza eremuan dela, eta «inkoherentzia» horren aitzinean hautetsien mobilizazioa espero duela.

«Lurraldearen kaltetan, sosa da garaile», trenkatu du Saint-Jeanek. «Mintzo gara, baina errealitatea da kapital ikaragarria duten jendeak prest direla erosteko. Horrek ondorioak ditu transmisioan, eta, finean, bazterketa gertatzen da». Argi du: afera «ez da fini».

Iragan urteko borroka

Ehun eguneko okupazioa egin zuten iaz Arbonako lurretan ELB laborarien sindikatuak eta Lurzaindia laborantza lurren zaintzarako elkarteak. Salmenta oztopatzea lortu zuten orduan: eroslegaia erretiratu zen prozesutik. Hortaz, okupazioari bukaera ematea deliberatu zuten BOST Berroetako Okupazioko Sostengu Taldeak, ELBk eta Lurzaindiak.

Iaz, jada, etxea alde batera utzita, Arbonako laborantza lurrak erosteko proposamena egin zion SAFER egiturak jabeari, baina jabeak ez zuen onartu lurrak SAFERak estimatutako prezioan saltzea. Hala, jabeak ondasun guztiak saldu nahi izan zizkion SAFER-i —hiru bastiza eta lurrak— 3,15 milioi euroan: egiturak ez zuen onartu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.