Energia krisia

Sestaoko Arcelor eta Gasteizko Michelin produkzio etenaldiekin hasi dira

Bizkaiko altzairutegian ez dute zehaztu noiz itzuliko diren. Eskariaren eta altzairuaren prezioen jaitsierarekin lotu dute erabakia. Gasteizko gurpil ekoizleak, autoen salmenten beherakadarekin.

Marisol Ramirez/ Foku. SESTAOKO ACB ALTZAIRUTEGIA
jokin sagarzazu
2022ko abuztuaren 30a
11:55
Entzun

Energiaren eta lehengaien prezioen garestitzea lanerako itzulera zailtzen ari da enpresa handi batzuetan. Hala gertatu da Arcelor Mittalen Sestaoko lantegian (ACB) eta Michelinen Gasteizko fabrikan.

ACB ez da aste honetan hasi abuztuko ohiko geldialdiaren ondoren, eta oraingoz ez du jakinarazi noiz itzuliko den. Multinazionalak udako geldialdia aprobetxatu du labea itzalita mantentzeko eta, horrela, Europan duen ekoizpenaren zati bat murrizteko. Udazkenerako merkatuaren aurreikuspen txarrek eragin dute erabaki hori. Enpresak zehaztu du geldialdiak zerikusi handiagoa duela eskariaren eta altzairuaren prezioen jaitsiera aurreikuspenarekin elektrizitatearen prezioekin baino. Sestaoko plantak 278 langile ditu.

Michelin gurpil ekoizlearen kasuan, berriz, Gasteizko lantegian lanera itzuli ziren atzo, udako oporrengatik lau astez itxita egon ondoren. Baina enpresak beharginei jakinarazi die bi ekoizpen linea geldituko dituela datozen asteburuetan. Erabakiak 1.340 langileri eragingo die, lantaldearen %40ri (3.500 dira guztira). Kasu horretan, ekoizpen kostuen igoerari auto berrien salmenten jaitsiera gehitu behar zaio.

Aurreko astean, Volkswagenek jakinarazi zuen Iruñeko Landabenen duen fabrikan ere geldialdiak egitea aurreikusi duela. Oraingoz, egun batez itxiko du, ostiralean. Osagai batzuen faltagatik hartu du erabakia.

Erabaki aurreikusia

Sestaoko altzairutegiari dagokionez, ezin da esan gelditzeko erabakia ezustekoa izan denik. Multinazionalak iragarria zuen litekeena zela irailean Europan dituen planten ekoizpena murriztea. Udako oporraldiaren aurretik ere hala egin zuen altzairutegi batzuetan.

Sestaoko ACB izango da multinazionalak Europa hegoaldean gelditzen duen lehena. Dena den, Arcelorrentzat estrategikoa da planta hori, datozen urteetarako emisioak murrizteko aurreikusi dituen planei begira. Karbono isurketarik gabeko munduko lehen altzairutegi bihurtu nahi du 2025ean, eta iazko udan 50 milioiko inbertsioa iragarri zuen horretarako.

Multinazionalak aurreikusi du burdin minerala (DRI) hidrogeno berdearekin ekoizteko planta bat eraikitzea Xixonen (Espainia). Asturiasko zentro horretan produzituko denaren ia erdia Sestaoko plantara joango litzateke, lehengai gisa erabiltzeko han dauden bi labe elektrikoetan.

ACB aurten ere geldirik egon da. Martxoaren amaieran ekin zion berriz jarduerari, neguan elektrizitatearen prezio garestiagatik ia hiru hilabetez gelditu ondoren. Denbora horretan, eraberritze lanak egiteko aprobetxatu zuen enpresak; haren helburua da produkzioa bikoiztea, 1,6 milioi tonara iristeko.

Gogoratu behar da Arcelorrek Euskal Herrian dituen planta guztiak elektrikoak direla eta ez duela CO2 isurketa eskubideak ordaindu beharrik, eta horrela hein batean konpentsatu egiten duela argindar garestia. Dena den, multinazionalak duen beste lantegi handian, Olaberrikoan (Gipuzkoa), tarteka aritu dira lanean aurten, argindarraren unean uneko prezioaren arabera. Garestien dagoen orduetan jarduera apaldu dute, eta ordu merkeagoetan, handitu.

Lantaldearen %40 geldirik

Michelinen ere, enpresaren erabakiak ez ditu ezustean harrapatu langileak; jakinarazia zien iraileko lau asteburuetatik hirutan murriztuko zuela autoen gurpilen ekoizpena, eta horrek 840 bat langileri eragingo ziela. Langile batzordeak astearte honetan iragarri duenez, gurpil handien fabrikazioan, obra publikoetara bideratutakoetan (405 tonakoak) ere geldialdiak egingo dituzte: iraileko azken bi asteburuetan eta urriaren lehenean. Horrek 300 langileri eragingo die.

Eskaeren murrizketak eragina izango du beste kolektibo batean ere: amaitzear dauden produktuetan lan egiten dutenengan. Zortzi lan txanda etetea aurreikusten da, gomaren fabrikazioa 1.500 tona murriztu behar delako, autoetarako eta obra publikoetarako gurpilen ekoizpenean izandako geldialdiengatik. Horrek beste berrehun behargini eragingo diete.

Hala, erabakiak 1.340 langileri eragin die, lantaldearen %40ri. Eta egun horietan guztietan Michelinek 132.000 pneumatiko egiteari utziko dio.

Sindikatuen arabera, erabakiak ez du eraginik izango langileen enpleguan eta soldatan; izan ere, «malgutasunerako tresna bat adostu eta hitzartu» dute zuzendaritzarekin. Akordio horrek aukera ematen du oraingoz beste neurri traumatikoagoetara jo beharrik ez izateko, hala nola enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteetara edo kaleratzeetara.
Hala ere, «kezka» agertu dute zer gertatuko ote den «egoera okertzen bada». Azaldu dutenez, zuzendaritzaren aurreikuspena da ekoizpenak beherantz jarraituko duela, eta beldur dira urrian ere geldialdi gehiago egongo diren.

Iaz ere geldialdiak egin zituen udako oporren ostean; urriaren bigarren hamabostaldian egin ziren, eta 38 txandari eragin zien, autoentzako gurpilen ekoizpenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.