Euskara

Helduak euskalduntzeko diru laguntzak handitu ditu Nafarroako Gobernuak, «doakotasunerako bidean»

Aurtengo deialdian, 300.000 euro banatuko dituzte norbanakoen artean, eta 2,1 milioi euro izanen dira euskaltegientzat

Ezker-eskuin: Izaskun Anduaga, Ultzamako zinegotzia; Mikel Arregi, Euskarabideko zuzendaria; eta Nekane Otamendi, IKAko irakaslea. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2022ko abuztuaren 30a
12:13
Entzun

Iaz baino ia milioi bat euro gehiago emanen du aurten Nafarroako Gobernuak helduen euskalduntzearen alorrean. Euskara ikasteko diru laguntzak handitu egin ditu administrazioak, «doakotasunerako bidean urratsak» egiteko. Euskarabidea institutuko zuzendari kudeatzaile Mikel Arregik eman ditu xehetasunak, aurtengo matrikulazio kanpainaren aurkezpenean.

Hala, norbanakoentzako laguntzei dagokienez, Nafarroako Gobernuak 300.000 euroko deialdia eginen du aurten: iaz baino 56.000 gehiago. 2020-2021eko ikasturtean, 800 pertsonak jaso zuten laguntza hori, eta 2021-2022koan, berriz, milatik gora izan ziren. Euskaltegientzako diru poltsa ere handitu du gobernuak, 2,1 milioi euroko deialdia eginen baitute 2022-2023ko ikasturterako, iaz baino 900.000 euro gehiago. Arregiren esanetan, bi helburu dituzte laguntza horiek: «Euskara irakaskuntzaren doakotasunera hurbiltzea, eta herritarrek euskara ikasteko duten eskubidea bermatzea».

Euskara ikasi nahi dutenek 380 eurorainoko laguntza eskura dezakete Euskarabidearen deialdian, eta, aurkezpenean azaldu dutenez, laguntza hori bateragarria da udal askok banatzen dituztenekin. «Horri esker, euskara ikastea ia doakoa da kasu askotan», azaldu du Izaskun Anduagak, Ultzamako Udaleko zinegotziak, tokiko entitateen izenean. Urriaren 1etik azaroaren 30era aukera izanen da diru laguntzak eskatzeko. Baldintza eta informazio guztia eskuragai egonen da www.euskaraikasi.nafarroa.euswebgunean eta 012 telefono zenbakian.

'Euskara ahora' kanpaina

Nafarroako Gobernuak Euskara ahora kanpaina aurkeztu du gaur, helduen euskalduntzea sustatzeko. Gaurtik aurrera zabalik da euskaltegietan izena emateko epea, eta gobernuaren helburua da «gizartea animatzea euskara ikastera, gazteak batez ere».

Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak antolatu du kanpaina, Euskarabidea institutuaren bitartez, 33 tokiko entitaterekin eta sektoreko hainbat eragilerekin batera; besteak beste, Zubiarte euskaltegi publikoa, hizkuntza eskola ofizialak eta AEK, IKA eta Bai&By euskaltegi sareak. Hori dela eta, Euskarabideko eta udaletako ordezkariez gain, gaurko aurkezpen ekitaldian izan dira Nekane Otamendi IKAko irakaslea, Ainhoa Madariaga Zubiarte euskaltegi publikoko zuzendaria eta Beatriz Buldain AEKren Nafarroako koordinatzailea.

Irail osoan ikusgai izanen da kanpaina publikoa sare sozialetan, autobus geltokietan, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Arrosadiko campusean, tokiko aldizkarietan eta Nafarroako irratietan. 54.000 euroko inbertsioa egin du Nafarroako Gobernuak Euskara ahora kanpainan.

«Kanpaina honen bidez, jendea animatu nahi dugu urratsa egitera: alda dezatela beren pelikularen gidoia eta barnera daitezela mundu liluragarri batean», azaldu du Anduaga zinegotziak. «Pelikula honen protagonista izatea erraza da: nahikoa da izena ematea Nafarroako geografia osoan diren euskaltegietan edo hizkuntza eskoletan. Gidoia alda dezakezue, amaiera zoriontsua izan dezan eta, abentura horretan, euskararen komunitate osoa bidelagun izanen duzue, prozesuan laguntzeko prest».

IKAko Nekane Otamendik eskerrak eman dizkie, hamarkadaz hamarkada, euskara ikasteko ahalegina egin dutenei, eta ausartu ez direnak ere deitu ditu pauso hori ematera: «Animatu nahi nituzke urratsa egin ez dutenak, euskara ikasten hastera; edozein motiborengatik euskaraz komunikatzeko gaitasuna galdu dutenak, ezagutzan sakondu dezaten; eta euskaraz alfabetatu ez direnak, berandu gabe has daitezen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.