Sindikalismoa

Jaurlaritzak CCOOri eta UGTri eman dizkie Lanbiden ELAk eta LABek zituzten ordezkariak

Erabakia «antidemokratikoa» dela salatu dute sindikatu abertzaleek, baina ez dute oraingoz organo horretara itzultzeko asmorik.

Lanbideren bulego bat, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2022ko abuztuaren 30a
20:48
Entzun

Lanbideren administrazio kontseiluan aldaketak egitea erabaki du gaur Eusko Jaurlaritzak. Sindikatuen ordezkarien atalean, orain arte sindikatu abertzaleek betetzen zituzten postuak —bi ELAk eta bat LABek— beste sindikatuen esku utzi dituzte. Horrenbestez, CCOOk hiru kide izango ditu enplegu zerbitzuko administrazio kontseiluan, eta UGTk bi.

Urte batzuk badira ELAk eta LABek ez dutela parte hartzen Lanbideko administrazio kontseiluan eta antzeko erakundeetan, hor izateak Jaurlaritzaren politika «zuritzea» dakarrela argudiatzen dutelako, eta patronalari beto eskubidea ematen diolako.

Iazko ekainean, gobernuak araudia aldatu zuen, eta atea ireki zion horrela bileretan parte hartzen ez zuten kideak ordezkatzeko. Zehazki, elkarren segidako hiru bileratan ez parte hartzea edo urtean lautan ez agertzea nahiko arrazoitzat jo zuen kide horientzat ordezkoa bilatzeko. Apirilean hasi zuen ordezkapen prozesua, baina ELAk eta LABek ez zutela alegaziorik jarri gogorarazi du gobernuak. Ondorioz, ekainean aukera eman zieten beste sindikatuei kide berriak proposatzeko, eta hala egin dute CCOOk eta UGTk.

«Erakunde sindikal guztiek [Lanbiden] parte hartzea nahiko genuke, baina ezin dugu onartu LABk eta batez ere ELAk [...] organo horiek blokeatzea», azaldu du Loli Garcia Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak. «Lanbideko administrazio kontseiluan bost kide ditu gobernuak, bost sindikatuek eta bost patronalak, eta sindikatu batek erabakitzen badu ez parte hartzea, langileen defentsaren aurka doa, ez dituztelako gobernuaren eta patronalaren aukera berak», gaineratu du Raul Arzak (UGT).

Ordezkaritzaren %60

Sindikatu abertzaleek ez dute bat egiten argudio horiekin, eta Jaurlaritzaren erabakia «antidemokratikoa» dela ziurtatu dute, ez duelako errespetatzen sindikatu bakoitzak duen ordezkaritza. ELAk ordezkari sindikalen %41 ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; LABek, %19,9; CCOOk, %18,7; eta UGTk, %10,6.

Abuztuaren hasieran, Jaurlaritzaren jarrera salatu zuen ELAk. «Eusko Jaurlaritza, Urkullu edo Idoia Mendia ados egon daitezke edo ez ELAk parte hartze instituzionalaren arloan hartutako erabakiekin, baina, modu demokratikoan jokatuz gero, ezin dute langileek erabakitako ordezkaritza sindikala usurpatu», azaldu zuen.

Aferak alde ekonomiko bat ere baduela gogorarazi zuen ELAk. «Ordezkagarritasunaren aldaketa osatzeko, Eusko Jaurlaritzak bere garaian CCOOri eta UGTri Lanbiden parte hartzeagatik sindikatuei esleitzen zaien zenbateko ekonomikoa esleitzeko erabakia hartu zuen, 547.000 euro urtean. Dirudienez, orduan garrantzitsuagoa zen diru laguntzak ematea postuak UGTren eta CCOOren alde usurpatzea baino. Orain jadanik dena esleitzen diete. ELAk Lanbiden parte hartuko balu, 200.000 euro baino gehiago jasoko lituzke».

Lanbideren Administrazio Kontseiluan parte hartzea eteteko ELAk dituen arrazoiak zerrendatu zituen: autonomia estatutua errespetatu gabe transferitu ziren enplegu eta prestakuntza eskumenak kudeatzen dituen erakunde bat da, eta, beraz, Espainiako txandakako gobernuak erabakitako politika zentralizatuak aplikatzeko betebeharra du. Gainera, administrazio kontseiluak talde bakoitzaren gehiengoak erabakiak hartu ditzakeela dioten arauak ere ez ditu errespetatzen, eta sindikatu guztien aurkako erabakiak har ditzake.

LAB, plan bat egiteko zain

LABek ere haserrea adierazi du. «Sindikatu bati beste baten ordezkaritza ematea demokraziaren aurkako ekintza bat da». Sindikatuko iturriek Europa Press agentziari azaldu diote parte hartze instituzionalari buruzko plan bat prestatzen ari dela, baina hori amaitu eta onartu arte LABeko kiderik ez dela egongo ez Lanbiden, ezta beste erakundeetan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.