Durangoko 57. Azoka

Durangoko Azoka abenduaren 7tik 11ra egingo da

Erakusmahaiak alokatu eta egitaraurako proposamenak aurkezteko epea bihar zabalduko dute. Online denda mantendu egingo dute aurten ere.

Joan den urteko azoka murrizketekin egin zuten. GORKA RUBIO / FOKU
mikel lizarralde
2022ko abuztuaren 31
14:37
Entzun

Durangoko 57. Azokan parte hartu nahi duten argitaletxe, diskoetxe, ekoiztetxe, elkarte, erakunde, banatzaile eta autoekoizleek irailaren 1etik 30era bitartean eman beharko dute izena, azokaren webgunean (www.durangokoazoka.eus). Egitaraurako proposamenak aurkezteko, berriz, urriaren 15era arte izango da aukera.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, beste urte batez online denda martxan izango da aurten ere, «parte hartzaileei salmentarako aukera gehiago eskainiz eta bertaratu ezin diren kulturazaleei erosketa ahalbidetuz». Horiek horrela, aurten erakusmahaia alokatzen duten eragile guztiek modu presentzialean eta digitalean hartuko dute parte Durangoko Azokan.

Guneetarako proposamenak

Kultur sortzaileek azokako guneetara aurkeztu ahal izango dituzte euren proposamenak. Honako hauek izango dira azokako guneak: Talaia, Ahotsenea, Irudienea, Kabi@, Saguganbara eta Szenatokia

Talaian, zabalkunde lanen aurkezpenak egingo dituzte, bai euskara hutsezkoak, bai Euskal Herriari zuzenean eragiten dioten gaiei buruzkoak ere.

Ahotsenean parte hartzeko irizpideak hauek izango dira: 2022. urtean kaleratutako disko edo liburua izatea (poesia, narratiba, ipuin-nobela, antzerkia edota saiakera literarioa) eta euskaraz izatea.

Irudienean, Euskal Herrian azken urtean euskaraz sortutako ikus-entzunezko lanak proiektatu ahal izango dira: film laburrak, dokumentalak, fikzioak, aurkezpenak...

Kabi@ gunea digitalaren plaza izango da beste urte batez, eta teknologia berriekin lotutako aurkezpenak egingo dira: hitzaldiak, jokoak, tailerrak...

Saguganbaran haur eta gazteei begirako aurkezpenak antolatuko dira: ikuskizunak, tailerrak, produktuen aurkezpenak, ipuin kontalariak...

Szenatokian, pieza dantza eta antzerki pieza laburrak aurkeztu ahal izango dira.

Bestalde, aurten, berriro ere, Ikasle Goiza presentziala izango da, eta horrekin hasiko da azoka, abenduaren 7an. Aurten, ikasleentzako ekitaldiez gain, hezitzaileentzako jarduerak ere antolatuko dituzte egun horretan. Ikasle Goieko tailerretan izena emateko epea bihar zabalduko dute, eta urriaren 15era arte egongo da zabalik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.