Zinema

Atea etorkizunerantz ireki nahian beteko ditu gaur 90 urte Veneziako Mostrak

Noah Baumbach zinemagilearen 'White Noise' filmarekin abiatuko da gaur Veneziako 79. Zinema Jaialdia, eta 73 film luze, 16 labur, bi serie eta izar jario bat ere eskainiko ditu irailaren 10era bitarte

Sail Ofizialeko epaiahaiko kideak gaur, Venezian. CLAUDIO ONERATI/EFE
Inigo Astiz
2022ko abuztuaren 31
17:23
Entzun

Veneziakoa da munduko zinema jaialdirik zaharrena, eta proiekzioa hasiko den momentuan bertan beteko ditu 90 urte, baina bere burua etorkizunera begira kokatzeko era bat ere izango da irekiera ekitaldia. Zinemagintzaren iragan loriatsua ospatzeaz haraindi, egun nagusituz doazen ikus-entzunezko plataforma digitalei ere zinemaren festa nagusiko ate nagusia zabaltzeko modu bat ere izango delako gaurkoa. Don Delillo idazlearen nobelan oinarritu baitu bere filma Baumbachek, eta Netflix plataformak ekoitzi du. Ezinbestean, ur nahasi horietan baitoaz zinema jaialdiak azkenaldian, eta zer esanik ez, zinema jaialdi hori Veneziakoa bada.

Proiekzioak heltzerako ere, ohi denez, hasiak dira kinielak hedabide espezializatuetan, eta Luca Guadagnino zinemagilearen Bones and all filma da egunotan gehien aipatzen dabiltzan lanetako bat, Timothee Chalamet aktorearekin filmatutakoa. Kanibalismo tanta batzuk ere badituen maitasun istorio bat da lana, sinopsian iragarri dutenez. Eta faboritoen zerrenda horren parte dira Marilyn Monroeren figurari eskainitako Andrew Dominik zuzendariaren Blonde zein Alejandro Gonzalez Iñarrituren Bardo, falsa crónica de unas verdades ere.

Julianne Moore aktore estatubatuarra izango da Sail Ofizialeko epaimahaiko burua, eta lan horretarako kide izango ditu, besteak beste, Rodrigo Sorogoyen zinemagilea eta Kazuo Ishiguro idazlea. Guztira, 23 filmen artean egin beharko dute hautaketa.

Deneuve eta Ukraina

Bi ohorezko Urrezko Lehoi ere emango ditu jaialdiak aurten. Catherine Deneuve aktore frantziarrarentzako izango da haietako bat; «frantziar zinemaren ikur bat, betiereko diva bat eta benetako sinbolo bat», antolatzaileek deskribatu dutenez. Paul Schrader estatu batuarrarentzat izango da beste ohorezko saria. Besteak beste, American Gigolo zuzendu eta Taxi Driver filmaren gidoia idatzi zituen sortzailearentzat, alegia.

Uztailean aurkeztu zuen jaialdiaren programa Alberto Barbera zuzendariak, eta aurkezpen hartan argi utzi zuen aurtengo festibalak izango zuen kutsu aldarrikatzailea ere. «Esan ohi da zinema jaialdiak munduari zabaldutako leihoak direla, eta agian gehiegitan baliatutako ideia bat izango da, baina egia da leiho horretatik gustuko ez ditugun gauzak ikusten ditugula».

Eguna eskainiko diote, esaterako, Ukrainako zinemagintzari irailaren 8an, eta esanguratsua da Jafar Panahi zinemagile irandarraren presentzia ere Sail Ofizialean. Mohamad Rasoulof eta Mostafa Ale Ahmad zinemagileen atxilotzeak salatzeko antolatutako protestetan parte hartzeagatik kartzelatu zuten Panahi uztailean, baina Kehrs nist filma aurkeztuko du jaialdiko sail nagusian.

Polemikarako tartea

Bada polemikarako tarterik ere. Kim Ki Duk zinemagile korearrak hil aurretik ia bukatuta utzi zuen Call of God filma ere proiektatuko dute egunotan. Koronabirusaren eraginez hil zen zinemagile ezaguna, eta haren lagunek bukatuta heldu da lana jaialdira. Sexu abusuak egin izana leporatuta epaitzen ere ari ziren sortzailea, ordea, hil zenean.

Canneseko jaialdiak persona non grata izendatu zuen Lars von Trier zinemagileak ere hartuko du parte Mostran, eta telebistarako sortutako bost kapituluko seriea aurkezten izango da Venezian: Riget Exodus.

Dirdiraren itzulera

Dirdiraren itzulera bat ere irudikatzen du aurtengo Veneziak, edonola ere. Murrizketekin egin zuten iazko jaialdia, esaterako, eta, kontrara, aretoa oso-osorik beteko du publikoak aurten. Maskararik ere ez da eraman beharko. Horrez gainera, nabarmena da antolatzaileek zinema izarrak jaialdira erakartzeko egindako esfortzua ere, eta, iragarri dutenez, zaleek aktore eta zuzendari garrantzitsuen zerrenda luze bat ikusi ahalko dute bertatik bertara Venezian egunotan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.