Espainiako Vuelta

Kaden Groves nagusi, esprintean

Tropela oso lasai aritu da, eta australiarra gailendu da 11. etapan. Evenepoelek Alaphilippe galdu du, erori egin baita.

11. etapako amaierako esprinta. JAVIER LIZON / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2022ko abuztuaren 31
18:52
Entzun

Kaden Grovesek (Bike Exchange) irabazi du Espainiako Vueltako 11. etapa. Esprintean erabaki da garailea, eta oso lasai hartu du eguna tropelak. Julian Alaphilippe (Quick-Step) erori egin da, eta lasterketa utzi behar izan du. Remco Evenepoel taldeburuak morroi garrantzitsu bat galdu du maillot gorria irabazteko lehian laguntzeko. Hala ere, elkarrekin iritsi dira faboritoak, eta alde berarekin jarraituko du sailkapenean flandriarrak.

Bost txirrindulari gutxiago izan dira tropelean. COVID-19ak arrastoa utzi nahi duela dirudi, eta azken egunetan hedatzen ari da. Sailkapen nagusiari begira, Simon Yates (Bike Exchange) eta Pavel Sivakov (Ineos) dira baja gogorrenak, bosgarrena eta bederatzigarrena, hurrenez hurren. Ken Pharmak ere hiru positibo jakinarazi ditu: Roger Adria, Hector Carretero eta Pau Miquel. Juanjo Oroz taldeko prestatzailearen hitzetan, egoerari “aurre” egin behar izan diote. “Test baten mende gaude, eta ezin dugu besterik egin”, azaldu du. Amorrua ere erakutsi du, baina garrantzitsuena txirrindulariak “ondo” egotea da harentzat. “Hala ere, ia ez dago neurririk gaur egun, eta txirrindularitzan ere aurrera egin behar dugu”, gaineratu du. Guztira, hogei dira lasterketa gaixotasunagatik utzi behar izan duten ziklistak.

Hiru txirrindulari izan dira eguneko ihesaldian: Joan Bou (Euskaltel-Euskadi), Vojtech Repa (Kern Pharma) eta Jetse Bol (Burgos-BH). Lau minututik gorako aldea ere izan dute une batez, baina berehala hasi da tropela lanean. Ibilbidea esprintean amaitzeko aproposa zen, eta Alpecinek eta Trekek nabarmen murriztu dute aldea. Sam Bennett dagoeneko ez dago tropelean, eta etapa garaipenerako faboritoen zerrenda hiru txirrindularira murriztu da: Tim Merlier (Alpecin), Pascal Ackermann (UAE) eta Mads Pedersen (Trek). Atzoko erlojupekoaren ondoren, indarrak berreskuratu nahi izan dituzte txirrindulariek, eta ohi baino mantsoago aritu dira.

64 kilometro gelditzen zirela, erorikoa izan da tropelean. Alaphilippe erori egin da, eta lasterketa utzi behar izan du, beso-euskarri eta guzti. Horrek gauzak aldatu ditzake sailkapen nagusiari begira, Evenepoelek taldekide nagusia galduko baitu. Bestalde, ikusi beharko da zer lesio duen, baina ziurrenik ezingo du parte hartu irailaren amaieran jokatuko diren Munduko Txapelketetan. Bi urtetan urrea lotu ondoren –2020 eta 2021–, baliteke gaurkoa izatea frantziarraren azken eguna ortzadar maillotarekin.

50 kilometro gelditzen zirela, bakarrik gelditu da Bol. Tropelak Repa eta Bou harrapatu ditu, baina Burgos-BHko txirrindulariak ez du amore eman. Hala ere, 25 kilometro urrutiago harrapatu du tropelak. Oso lasai hartu du tropelak eguna, eta, ihesean zeudenak harrapatu eta gero, esprintean erabaki da garailea. Ackermannek urrutitik abiatu du esprinta, eta luze egin zaio helmugarako bidea. Atzera ere begiratu du, indarrik gabe gelditzen ari zela erakutsiz. Grovesek aurre hartu dio, eta australiarrak irabazi du etapa. Faboritoak elkarrekin helmugaratu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.