Donostiako Zinemaldia

Neil Jordanen ‘Marlowe’ filmak itxiko du Donostiako Zinemaldia

Lehiaz kanpo emango dute, Sail Ofizialean. Donostian izango dira, zuzendariaz gain, Liam Neeson eta Diane Kruger aktoreak.

Liam Neeson aktoreak jokatuko du Philip Marlowe detektibearen rola filmean. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
aitor biain
2022ko irailaren 1a
12:53
Entzun

Marlowe filmaren nazioarteko estreinaldiak itxiko du Donostiako 70. Zinemaldiko Sail Ofiziala. Neil Jordan zinemagile irlandarrak zuzendu du filma, eta Liam Neeson, Diane Kruger eta Jessica Lange aktoreak ditu protagonista. Lehiaz kanpo emango dute, amaiera galaren ondoren, Kursaalean. Bertan izango dira, hain zuzen ere, filmaren zuzendaria eta aktore protagonistak.

Philip Marlowe detektibea protagonista duen The Black Eyed Blonde eleberrian dago oinarrituta filma. John Banvillek idatzi zuen nobela, baina fikziozko pertsonaia hori Raymond Chandler idazle estatubatuarrak sortu zuen, duela ia 90 urte. 1930eko hamarkadaren amaierako Los Angelesen (AEBak) dago girotuta filma: Marlowe detektibeak (Neesonek jokatuko du haren rola) emakumezko oinordeko eder baten maitalea aurkitzeko enkargua jasoko du. Bartzelonan eta Dublinen filmatu dute pelikula, eta Parallel Films, Hills Productions eta Davis Films ekoiztetxeen arteko koprodukzio bat da.

Aurrez ere izana da Jordan Donostian: The Good Thief filmak Sail Ofiziala inauguratu zuen 2002an, eta lehiaketa nagusiko epaimahaiburua izan zen 2019an. Zinemagile irlandarrak idazle gisa hasi zuen bere ibilbidea, baina 1980ko hamarkadaren hasieran egin zituen bere lehen filmak. Ordukoak dira, hain zuzen ere, nazioartean ospea eman dioten lan gehienak: In Company of Wolves (1984), Txanogorritxoren ipuinaren bertsio laudatua, edota Mona Lisa (1986), zeinarekin Bob Hoskinsek aktore onenaren saria lortu zuen Cannesko zinemaldian eta baita Oscar sarietarako hautagaitza ere. 1992an, gidoi onenaren Oscar saria eskuratu zuen Irlandako gatazkan girotutako The Crying Game filmari esker, eta 1996an Urrezko Lehoia eskuratu zuen Veneziako zinemaldian Michael Collins filmarekin: Irlandaren independentziako heroiari buruzkoa da filma.

Sarreren salmenta
Gaurtik aurrera eskuragarri daude inaugurazio eta amaiera galarako sarrerak, baita Donostia Sariak banatuko diren ekitaldietarako sarrerak ere. Juliette Binocheri hilaren 18an emango diote saria, eta David Cronenbergi, berriz, hilaren 21ean. Eskuragarri daude, halaber, Belodromoko hiru filmetarako sarrerak ere: Sintiendolo mucho, Rainbow eta Black is Beltza II: Ainhoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.