KATALUNIA

Generalitateak esan du geletan ez direla emango irakastorduen %25 gazteleraz

Kataluniako Gobernuak aldarrikatu egin du parlamentuak murgiltze eredua defendatzeko aurreko ekainean onartutako legea.

Gonzalez-Cambray Hezkuntza kontseilaria, gaur. EFE
Igor Susaeta.
2022ko irailaren 1a
16:51
Entzun

Argi mintzatu da gaur Kataluniako Generalitateko Hezkuntza kontseilari Josep Gonzalez-Cambray: «Kataluniako zentroetako gela bakar batean ere ez dira emango irakastorduen %25 gazteleraz». Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen, 2020ko abenduan, irakastorduen %25 gazteleraz izateko. Kataluniako Parlamentuak murgiltze ereduaren kontrako erabakiari aurre egiteko lege bat onartu zuen aurreko maiatzean, zeinaren arabera Kataluniako hezkuntza sisteman katalana «komunikazio hizkuntza» izango baita, eta gaztelera, berriz, «hizkuntza kurrikularra». ERC Esquerra Republicanak, PSCk, JxC Junts Per Catalunyak eta Comukoek adostu zuten lege hori.

Datorren astean hasiko da 2022-2023ko ikasturtea, eta gaur egin du agerraldia Gonzalez-Cambrayk, irakasleak zentroetara itzuli diren egunean. Nabarmendu du aurreko ikasturtea «esku sartze judizialek» ezaugarritu zutela, baina Kataluniako Gobernuak «herrialde gisa» erantzun ziela, eta erabakiak «kontsentsu sozial, politiko eta pedagogikoaren» ondorio izan zirela.

Agerraldi berean hitz egin du Patricia Goma Hezkuntza Kontseilaritzako idazkari nagusiak, eta adierazi du Katalunian lehen eta bigarren hezkuntzako 5.500 zentro baldin badaude horietako 27tan ari direla irakasten edukien %25 gazteleraz: hamarretan, Kataluniako Auzitegi Nagusiak ezarritako kautela neurrien eraginez, eta besteetan, sententzia betez, nahiz eta zortzi zentrotan kasazio helegite baten ebazpenaren zain dauden.

Generalitatearen Hezkuntza Kontseilaritzak arautegi bat bidali die hezkuntza zentroei, eta, horrek dioenez, «funts publikoen bidez funtzionatzen duten zentro guztiek bermatu behar dute arauen esparru berria betetzen ari direla». Testuaren arabera, esparru hori ez da «bateragarria» irakastorduen %25 gazteleraz izateko «hartu diren neurri judizialekin».

Kataluniako Auzitegi Nagusiak jakinarazi zuen uztail amaieran Auzitegi Konstituzionalera eramango zuela murgiltze eredua bermatzeko parlamentuak kontsentsuz onartutako legea. Gomak gaur esan duenez, Konstituzionalak auziaz ebatzi bitartean indarrean egongo da lege berria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.