Udazkenean itxiko dute Saison Quebec-Pays Basque truke programa

Euskal kultura Montrealera eta Quebecera eramango dute hainbat sortzailek Etxepare institutuaren eskutik.

'Saison Quebec-Pays Basque' egitasmoaren agerraldia gaur goizean, Tabakaleran,. IñIGO IBAñEZ
Miren Mujika Telleria.
2022ko irailaren 1a
17:52
Entzun

Etxepare Euskal Institutuak antolatutako Saison Quebec-Pays Basque kultur trukerako egitasmoak programa zabala eskainiko du bere azken txanpan. Modu horretan, diziplina anitzeko sortzaile eta jarduerek itxiko dute jaialdia. Izan ere, unibertsitate katedra berria, euskal zinema zikloa, literatura jaialdia eta kontzertu ugari egingo dira Quebecen irailetik abendura bitarte.

Irene Larraza Etxepare institutuko zuzendariak jakinarazi du ondorengo ekitaldi hauek jasoko dituela egitarauak: bost sorkuntza egonaldi, arte eszenikoei buruzko nazioarteko lau topaketa, hiru literatura jaialdi, bi zinema ziklo, lau musika bira, arte garaikideko bi jardunaldi, erakusketa bat, mintegi akademiko bat eta euskal ikasketen katedra berri bat.

Nolanahi ere, irailean izango du puntu gorenetako bat kultur programak: Festival Quartiers Danses jaialdia, Cinematheque Quebecoise filmategiarekin batera antolatutako euskal zinema zikloa. Irailaren 9tik 18ra izango da hori. Horretaz gain, Elbira Zipitria euskal ikasketen katedra berri baten irekiera egingo da hilaren 9an bertan, McGill Unibertsitatean.

Bingen Zupiria Kultura sailburuaren arabera, orain bi urte izan behar zuen jaialdiak, baina pandemiak atzeratu egin du. «Egin dira gauzak, hala ere. Eta, urrats batzuk egin ondotik, aurten, normaltasuna berreskuratuta, dena aurrez aurre egiteko moduan izango garela ematen du». Nabarmendu du, halaber, ez dela kasualitatea egitasmoa Quebecen egitea. Izan ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarentzat lurralde estrategikoa dela adierazi du. «Hango hizkuntza politikak beti izan dira guretzat erreferentzia».

Montrealen ere bai

Programazioaren hein handi bat Quebec hirian egingo den arren, Montreal ere hartuko du programak. Izan ere, bertan irailero egiten den Quartiers Danses jaialdiak euskal sorkuntza garaikidean jarriko du arreta aurten. Beraz, Basque Focus sailean lau euskal konpainia arituko dira, eta bederatzi ikuskizun eta hamabost emanaldi eskainiko dituzte denera.

Malandain Ballet Biarritzek zabalduko du egitaraua, irailaren 8an, Maisonave antzokian, Montrealgo antzoki nagusian. Hiru ikuskizun eskainiko ditu konpainiak: La pastorale, Nocturnes eta Mozart a deux. Thierry Malandain konpainiako zuzendaria esker onez mintzatu da gaur goizeko agerraldian: «Ohore handi bat da horrelako jaialdi batean parte hartu ahal izatea».

Ez da, ordea, jaialdian egongo talde bakarra izango, beste batzuek ere eskainiko baitute emanaldia Maisonaveko oholtzan: Judith Argomanizen Lasala konpainiak, Jaiotz Osa eta Xabier Mujikak –Osa + Mujika bikote artistikoak–, Proyecto Larruak eta Telmo Esnalek. Dantzari lotutako ekitaldiak euskal dantzaren transmisioa xede duen Soka ikuskizunarekin amaituko dira.

Programak ez du atzean utziko zinema. 1980ko hamarkadatik gaur arte egindako lan batzuk eskainiko dira. Larrazak azaldu duenez, elkarbizitza, bakea eta euskal gatazka izango dute ardatz Quebeceko Filmategian proiektatuko diren filmek. Ondorengoak izango dira, hurrenez hurren: La fuga de Segovia,Yoyes, La pelota vasca, Asier eta biok,Lasa eta Zabala, Negociador eta Maixabel.

Beste jarduera batzuk

Iraileko jarduerez gain, aurrerago ere eskainiko dira bestelako batzuk: Itxaro Borda, esaterako, Trois Rivieres nazioarteko poesia jaialdian arituko da urriaren lehen bi egunetan; eta, Igor Calongek, bestalde, dantza emanaldia eskainiko du Montrealgo Dantza Garaikideko Eskolan.

Musikari dagokionez, hiru kontzertu eskainiko ditu Quebecen Xabi Aburruzagak. Oreka TX, berriz,
M pour Montreal-en arituko da azaroaren 17an; eta Sigma Project saxofoi laukoteak hainbat solasaldi eta kontzertu emango ditu Montrealgo Unibertsitatean urriaren 23tik 26ra bitarte.

Kanadan bertan baina programatik kanpo, berriz, Uxue Alberdi, Miren Amuriza eta Danele Sarriugarte bertsolaritzaren inguruan arituko dira Torontoko Festival of Authors jaialdian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.