Argentina

Cristina Fernandezen kontrako atentatuagatik atxilotuak uko egin dio deklaratzeari

Atxilotua 35 urteko gizonezkoa da. Jarraitzaile batzuk agurtzera hurbildutakoan, pistola bat burutik zentimetro batzuetara jarri zioten Argentinako presidenteordeari. Tiroa ez zen irten, eta onik da Fernandez.

Cristina Fernandezen etxe ingurua, itxita, atentatuaren ostean. JUAN IGNACIO RONCORONI, EFE
jon ordonez garmendia
2022ko irailaren 2a
13:59
Entzun

Argentinako Poliziak 35 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo Cristina Fernandez presidenteordearen kontra ostegun gauean izandako atentatuarekin lotuta. Argentinako Gobernuak jakinarazi duenez, jatorriz brasildarra da atxilotua, eta aurrekariak ditu armak legez kanpo edukitzeagatik. Clarín egunkariaren arabera, martxoan ere atxilotu zuten. Anibal Fernandez Segurtasun ministroak esan du atzeman zutenean arma bat zuela. Epaitegiko zenbait iturrik zabaldutako informazioaren arabera, atxilotuak uko egin dio epailearen aurrean deklaratzeari.

Ostegun gauean izan zen atentatua, Argentinan 21:00ak zirela (02:00ak Euskal Herrian). Argentinako telebista publikoaren irudietan ikusten denez, Fernandez bere etxe aurrean zeuden jarraitzaileak agurtzera hurbildu zenean gertatu zen: pertsona bat gerturatu zitzaion, eta pistola bat jarri zion burutik zentimetro batzuetara. Alberto Fernandez Argentinako presidenteak esan du tiro egiten saiatu zela, baina balarik ez zela irten. Ámbito egunkariaren arabera, bost bala zituen atxilotuaren armak.

Argentinako presidenteak esan du Argentinan diktaduraren ostean inoiz izan den gertaerarik larriena dela. Gauerdia pasatu eta minutu batzuetara mintzatu zaie argentinarrei, telebistaz. Esan du indarkeria eta gorrotoa desagerrarazi egin behar direla diskurtso politikotik eta mediatikotik. Gaurko eguna jaiegun izendatu dute Argentinan, herritarrek atentatuaren kontrako mobilizazioetan parte hartu ahal izan dezaten. Argentinako Futbol Federazioak bertan behera utzi ditu gaurko futbol partidak, eta indarkeriaren kontra agertu da.

Atentatuak astindu egin du Argentina. Lehenagotik ere ez zen bare giroa. Cristina Fernandez iruzur auzi batean nahastuta dago. Argentinako presidente zela (2007-2015) herri lanen adjudikazioan iruzur egitea leporatzen diete Fernandezi eta Nestor Kirchner haren senarrari (2010ean hil zen). Guztira 39 milioi euroko iruzurra egin zutela kalkulatu du Diego Luciano fiskalak, eta hamabi urteko espetxe zigorra eskatu du harentzat.

Atentatuaren ostean, Cecilia Moreau Argentinako Diputatuen Ganberako presidenteak iragarri du bi ganberen arteko ikerketa batzorde bat osatuko dutela atentatua ikertzeko. Argentinako eta beste herrialde batzuetako agintariek gogor gaitzetsi dute atentatua. Mauricio Macri presidente ohiak esan du gertaera oso larria dela, eta azkar eta ondo argitu behar dela. Gaitzespen eta elkartasun mezuak bidali dituzte beste zenbaitek ere: Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak, Gabriel Boric Txilekoak, Miguel Diaz-Canel Kubakoak, Evo Morales Boliviako presidente ohiak eta Lula da Silva Brailgo presidentegaiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.