Zinemaldia

Glenn Close aktorea izango da Epaimahai Ofizialeko burua

Antoinette Boulatek, Tea Lindeburgek, Matias Mosteirinek, Rosa Monterok, Lemohang Jeremiah Mosesek eta Hlynur Palmasonek osatuko dute Sail Ofizialeko epaimahaia.

Glenn Close, 2019an, Los Angelesen, Oscar sarietan. ETIENNE LAURENT, EFE
Miren Mujika Telleria.
2022ko irailaren 2a
15:08
Entzun

Gaur goizean jakinarazi dituzte Donostia Zinemaldiaren 70. aldiaren azken xehetasunak. Aditzera eman dute zein izango den Epaimahai Ofizialeko epaimahaiburua: Glenn Close aktorea. Haren izena esatearekin batera baieztatu dute Donostian izango direla hainbat zinemagile, aktore, gidoilari eta ekoizle entzutetsu, irailaren 16tik 24ra bitartean.

Donostia Saria jasoko duten Juliette Binoche aktorearekin eta David Cronenberg zinemagilearekin batera, beste hainbat artistaren artean, euren filmak aurkeztera joango dira Donostiara Penelope Cruz, Ricardo Darin, Vicky Krieps, Olivia Wild, Diane Kruger eta Liam Neeson.

Closerekin batera, beste sei sortzailek osatuko dute epaimahai ofiziala: Antoinette Boulat zinemagileak, Tea Lindeburg gidoigileak, Matias Mosteirin ekoizleak, Rosa Montero idazle eta kazetariak, Lemohang Jeremiah Mosese zinemagileak eta Hlynur Palmason zuzendari eta gidoigileak. Gainerako epaimahaiak nork osatuko dituen ere jakinarazi dute gaur Jose Luis Rebordinos zinemaldiko zuzendariak eta Ruth Perez Anuzita komunikazio arduradunak.

Zuzendari Berriak saileko epaimahaiburu Alina Grigore zinemagilea arituko da, eta alboan izango ditu Paolo Moretti programatzailea, Paula Arantzazu Ruiz zinema kritikaria, Selva Almada idazlea eta Ashmita Guha zinemagilea.

Horizonte Latinos saria emateko ardura, berriz, Tatiana Huezo zinemagileak eta Julia Olmo zinema kritikariak izango dute, Giovanni Pompili ekoizlea buru dutela.

Albertina Carri zuzendari, gidoilari eta ekoizleak gidatuko du Zabaltegi-Tabakalera saria, eta Vanja Kaludjercic Rotterdamgo jaialdiaren zuzendariak eta Manuel Calvo ekoizle eta zuzendariak osatuko dute harekin batera epaimahaia. Irizar sarietako epaimahaikideak, berriz, Ander Izagirre, Nerea Kortabitarte eta Txema Muñoz izango dira.

Nest sarietan, berriz, artista bakarra arituko da epaimahai lanetan: Andres di Tella zinemagilea. Eta, azkenik, Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroko saria emateaz hirukote hau arduratuko da: Pau Brunet, Claudia Calviño eta Katrin Pors ekoizleak.

Sarreren salmenta

Programazioa irailaren 5ean argitaratuko da Zinemaldiaren webgunean. Hilaren 7an, berriz, filmez film, gidaliburu bat jarriko dute eskuragarri, eta igandean jarriko dira salgai sarrerak, hilak 11, 09:00etan, Zinemaldi Plazako online sistemaren eta leihatilen bidez. Sarreren salmentaren sistema iazkoaren antzekoa izango da. Alegia, irailaren 11n Zinemaldiaren lehen hiru egunetarako –irailaren 16, 17 eta 18– sarrerak erosi ahalko dira; hilaren 12an, berriz, irailaren 19, 20 eta 21eko sarrerak; eta horrela egingo dute jaialdia amaitu bitartean.

Halaber, dagoeneko salgai daude Zinemaldiaren webgunean inaugurazio zein amaiera galarako eta Donostia Sarietarako sarrerak. Belodromoko hiru filmetarako –Sintiéndolo mucho, Rainbow eta Black is Beltza II: Ainhoa– sarrerak, berriz, irailaren 16an jarriko dituzte salgai.

«Sintonia dinamikoa»

Donostiako Zinemaldiak ez ditu alferrik egin 70 urte. Eta, hain zuzen horregatik, sintonia berri bat erantsi diote jaialdiari. Aranzazu Calleja eta Maite Arroitajauregi konpositoreek sortu dute doinu hori. Biak izan dira gaur goizeko agerraldian, eta azaldu dute zerbait dinamikoa bezain pertsonala egin nahi izan zutela. Horretarako, ohikoak ez diren instrumentu batzuk sartu dituzte: korneta, tuba eta serpentoia. Ordenagailuz egindako elementuekin nahastu dituzte horiek, eta ahotsa ere erantsi diote doinuari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.