Hiru urteko zigorra ezarri diote Enrique Lopezi, eta hemezortzi hilabetekoa Nathalie Chasseriaudi

ETAren armagabetze prozesuaren baitan ari ziren armak gordetzen, baina prokuradoreak «erakunde terrorista bateko kide izatea» eta «lehergaiak izatea» leporatzen die. Ez dute zigorra kartzelan bete beharko

2015eko polizia operazioa. BOB EDME
2022ko irailaren 2a
18:38
Entzun

Enrique Lopez iheslari ohia eta Nathalie Chasseriaudi hiru urteko eta hemezortzi hilabeteko zigorrak ezarri dizkiete, «erakunde terrorista bateko kide izatea» eta «delitu bat estaltzea» leporatuta. Hala ere, ez dute kartzelara sartu beharko, Lopezek behin behineko kartzelan urtebete bete zuelako, eta, beraz, bi urtetik beherakoak izango liratekelako bi zigorrak. Atzo eta gaur artean epaitu dituzte Parisko Auzitegian, eta arratsaldeko azken orduan eman dute ebazpena. ETAren armagabetze prozesuan parte hartzeagatik prokuradoreak «erakunde terrorista bateko kide izatea» eta «lehergaiak izatea» leporatzen zien, 2015ean Miarritzen (Lapurdi) atzemandako armategi batekin lotuta. Ez du eskatu bi akusatuak terroristen zerrendan sartzeko, eta ezta Lopezentzat Frantzian egoteko debekua ere.

Hain zuzen, Xantiana Cachenaut Lopezen abokatuak adierazi du «ETAk eskatuta arma batzuk hartzea eta lagun baten etxean atxikitzea» leporatu diotela bere bezeroari. Chasseriaudena zen armak gordeta zeuden etxea, eta horregatik epaitu dute bera ere. 2015eko maiatzaren 28an miatu zuten, eta arma biltegi bat topatu zuten bertan. Chasseriaud egun hartan atxilotu zuten, eta Lopez, hurrengoan.

Defentsak auzia artxibatzeko eskatu zuen instrukzio garaian, baina fiskalak uko egin zion, atxiloketen garaian ETAren behin betiko su etena ziurtatzerik ez zegoelakoan. Haren argudioen artean, ETA oraindik desegin gabe zegoela, eta ez zituela armak entregatu, nahiz eta erakundeak 2011n adierazi zuen «jarduera armatua behin betiko amaitzea» erabaki zuela.

«Bakearen aldeko ekintza bat»

Cachenautek adierazi duenez, epaiketan bi gairen inguruan eztabaidatu dute. Alde batetik, zalantzan jarri du abokatuak ea epaileei dagokien «antolakunde bat juridikoki terrorista bezala kalifikatzen ahal den ala ez baloratzea»: «Gure konklusioa izan da epailearen betebeharren artean ez zegoela halako eztabaida batean sartzea». Bestalde, bake prozesua 2014 eta 2015ean «oso sanoa» izan zela frogatu nahi izan du defentsak: «Adibidez mahaigaineratu dugu Parisko konferentzia justu atxiloketa hauek eta gero izan zela. Elementu horien arabera, ez dago zalantzarik: garai hartan erakundeak ez zuen asmorik borroka armatuan sartzeko. Beraz, ondorio juridikoa da ezin direla gertakari horiek juridikoki ekintza terrorista bezala kalifikatu».

Gainera, Lopezek oraingoan ere argudiatu du bakearen alde lanean ari zela arma horiek gorde zituenean, abokatuak jakinarazi duenez: «Onartu du bere parte hartzea eta berak hartu zuela materiala. Baina berarentzako bakearen aldeko ekintza bat zela esan du, armagabetze prozesuaren baitan kokatzen zen zerbait».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.