Albistea entzun

Espainiako Vuelta

Carapazentzat etapa, eta Evenepoelek sufritu egin du

Bigarrenez irabazi du aurtengo Vueltan Carapazek. Primoz Roglicek erasoa jo du lau kilometro falta zirela, eta 52 segundoren aldea atera dio Remco Evenepoel liderrari.

Carapazentzat etapa, eta Evenepoelek sufritu egin du
Carapazentzat etapa, eta Evenepoelek sufritu egin du Tamaina handiagoan ikusi

Ainara Arratibel Gascon -

2022ko irailak 3

Astebete falta da Espainiako Vuelta amaitzeko. Remco Evenepoelek (Quick-Step) lider sendoa zirudien. Merezita eta nagusitasunez darama maillot gorria. Baina La Pandera mendatearen pendizek, eta Primoz Roglicen (Jumbo-Visma) erasoak ahuleziak badituela erakutsi dute. Ikusgarria izan da etapa amaiera. Flandriarrak txakalaldia izan zuen helmugarako lau kilometro falta zirenean. Gai izan da horri buelta emateko. Baina 52 segundo galdu ditu Roglicekiko, eta 1.49ra gutxitu da sailkapen nagusian harekiko zuen aldea. Geratzen diren etapak ikusita, dena airean dago. Eguneko beste irabazlea Richard Carapaz (Ineos) izan da, bigarrenez jaso baititu besoak aurtengo Vueltan. Eguneko ihesaldian sartu, azken kilometroetan hortzak ondo estutu, eta merezita irabazi du

Kostatu egin da eguneko ihesaldia osatzea. Lehen kilometroetan horretan ahalegindu direnak bi txirrindulari izan dira: Vincenzo Nibali (Astana) eta Thomas de Gendt (Lotto Soudal). Baina ez zuten lortu. Bizi joan dira lehen kilometro horiek, haizea alde baitzuten txirrindulariek. Azkenerako, baleko ihesaldia hamar ziklistek osatu dute: Clement Champoussinek (Ag2r), Luis Leon Sanchezek (Bahrain), Bruno Armirailek (FDJ), Filippo Concak (Lotto Soudal), Kenny Elissonde eta  Mads Pedersenek (Trek). Aleksei Lutsenkok (Astana), Richard Carapazek (Ineos), Raul Garcia Piernak (Kern Pharma) eta Marco Brenner (Team DSM).

80 kilometro falta ziren helmugarako. Txirrindulari indartsuak zeuden multzo horretan, etapa irabazteko modukoak. Tropel nagusiak bidea egiten utzi die, eta lau minututik gorako abantaila izan zuten. Atzetik, Evenepoelen taldeak, Quick-Stepek, hartu behar izan du ihesaldia bertan behera uzteko zama. Besteek ez zuten ardurarik nahi. Erritmoa bizitu du Jumbok, eta minutu pasatxoan jaitsi du aldea, 3.20ra, eguneko azken aurreko  mendatera iristean: Los Villares.10,4 kilometroko igoera zen. Tropelean gauzak ez dira aldatu. Horrek mesede egin die iheslariei. La Panderara iristean Robert Gesinkek (Jumbo Visma) estutu bat eman du, eta hor hasi da pizten etapa. Eta, nola, gainera. Ikusgarria eta bizia izan da etapa amaiera.  

Gesinkek ez du bidea egin, baina bere taldeak erritmoa bizitu du, eta faboritoen multzoa hautsi egin da Roglicek erasoa jo duenean. Chris Harper taldekideak egindako lana ondo baliatu du. Ausart jokatu du esloveniarrak. Quick-Stepek erakutsitakoa kontuan hartuta, ez zirudien Evenepoel gaizki zegoenik. Baina ez du sailkapen nagusian aldea murrizteko aukeretako bat galdu nahi izan. Lau kilometro falta ziren, eta indarrez jo du aurrera. Lehen unean inor ez da haren atzetik atera. Orduan hasi da sufritzen  Evenepoel, eta beste faboritoak ahalegindu dira. Baina La Panderako maldek ez zuten barkatu, eta soilik Miguel Angel Lopezek (Astana) eta Enric Masek (Movistar) eutsi ahal izan diote hasiera batean Roglici. Handik Gutxira Mas atzean geratu da.  Aurretik, Carapazek bigarren garaipena nahi zuen. Izugarria izan da Ekuadorreko txirrindulariak azken metroetan erakutsitako kemena. Saria izan du. Lopezek eta Roglicek estutu egin dute, Evenepoeli alde gehiago atera asmoz.  Baina flandriarra gai izan da gauzak zertxobait itxuratzeko, eta galera ez zen hain handia izan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Soilik izozmendiaren punta ikusten da garaipenarekin»

Beñat Mujika Telleria

Lehenengoz hartu zuen parte Helene Alberdik nazioarteko triatloi batean, joan den asteburuan. Europako Txapelketa Bilbon jokatu zen, eta urrea kolkoratu zuen.
Juan Cruz Osasunako atzelaria eta Alexander Sorloth Realeko aurrelaria, lehian, aurreko denboraldian Anoetan jokatutako partidan. ©JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Komeni indarberritu izana

Iñigo Lasa Fresneda

Realak eta Osasunak gaur ekingo diete norgehiagokaz betetako bost aste gogorri. Talde txuri-urdinak Gironan jokatuko du, eta gorritxoak Real Madrili egingo dio bisita

Masterseko finalerdiak jokatu zituzten herenegun gauean Nafarroa Arenan. 1.500 ikusle izan ziren harmailetan. Gehiago izango dira gaur finalean. ©JESUS DIGES / EFE

Udari txapela jarri nahi diote

Julen Etxeberria

Ezkurdia-Mariezkurrena eta Altuna-Imaz ariko dira gaur Masterseko finalean, Nafarroa Arenan

Alavesek ezin du burua altxatu, eta 0-4 galdu du Vila-realen kontra

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...