Erresuma Batua

Truss: «Ekaitzari aurre egingo diogu»

Buruzagi kontserbadoreak arratsaldean hasi ditu gobernua osatzeko elkarrizketak. Johnsonek kritikatu egin ditu dimisioa ematera bultzatu zutenak.

Elizabeth II.a Erresuma Batuko erregina eta Liz Truss lehen ministroa, Balmoralen, Eskozian. ANDRE MILLIGAN, POOL
arantxa elizegi egilegor
2022ko irailaren 6a
16:31
Entzun

Arratsalderako egin du Liz Truss lehen ministroak bere lehen agerraldia, bere agintaldiko helburuak izango direnak aurkezteko. Euria izan du lagun lehen agerraldian, eta asko izan dira eguraldia haren agintaldiarekin lotu dutenak ere, esanez garai ilunak izango direla datozenak. Buruzagi kontserbadoreak, ordea, itxaropena eskaini die herritarrei: «Ekaitzari aurre egingo diogu, eta berriz martxan jarriko dugu Erresuma Batua, eraiki egingo dugu, eta hazten lagunduko diogu».

Hiru helburu nagusi ere zehaztu ditu Trussek hurrengo hilabeteetarako: ekonomia, energia eta osasun zerbitzuak. Ekonomiaren alorrean zerga erreforma iragarri du: «Zergak murriztuko ditugu lan gogorra saritzeko, eta inbertsioak bultzatuko ditugu». Energiaren arloan, berriz, «[Errusiako presidente Vladimir] Putinen gerrak» eragindako energia krisia kudeatzeko neurriak iragarri ditu. Erreformak iragarri ditu osasun zerbitzuetan ere: «Gure osasun zerbitzua zutituko dugu».

Eskerrak ere eman dizkio Trussek orain arte gobernuburu izan den Boris Johnsoni, eta gogorarazi hark eman ziola bide 'brexit'-ari, baita COVID-19aren aurkako txertaketa kudeatu eta Errusiaren aurka «tinko» eutsiere. «Lehen ministro kontsekuentea izan da. Orain garaia da Britainia Handiak bizkarrean daraman pisua arintzeko. Azkarrago eraiki behar ditugu errepideak eta etxeak, eta banda zabala hedatu. Familien zorra gutxitu behar dugu», aldarrikatu du gobernuburuak.

Lehenago, Elizabeth II.a erreginarekin bildu da buruzagi kontserbadorea Balmoralgo jauregian, Eskozian. Estatuburuak eskatu dio Trussi has ditzala gobernua osatzeko negoziazioak. Dena den, dagoeneko hasiak dira zenbait izen aurreratzen. Haren kabinetea osatuko dutenetako batzuk izango dira hauek: Kwasi Kwarteng kantziler karguan, James Cleverly Atzerri Ministerioan eta Suella Braverman Barne ministro gisa —orain arte kargu horretan aritu den Priti Patelek atzo eman zuen dimisioa—.

Dimisioak

Johnsonek gaur utzi du ofizialki gobernuburu kargua. Downing Streetetik joan baino minutu batzuk lehenago, agerraldi jendetsua egin du gobernuburuaren egoitza aurrean,gertukoez inguratuta. Kritikatu egin ditu dimisioa ematera behartu zutenak, eta babesa eskaini die bai Trussi, baita Alderdi Kontserbadoreari ere: «Lekukoa eskuz aldatu da, ezustean txandakako lasterketa bilakatu den honetan. Zenbaitek erabaki zuten ibilbidearen erdian arauak aldatzea, baina horrek ez dio axola orain».

Uztailean eman zuen dimisioa Johnsonek, pandemian Downing Streeteko 10. zenbakian egindako festek eragindako eskandaluagatik. Baina berak ez du akatsik egin izana onartu, alderantziz baizik, «konspirazio» baten biktima izan dela esan izan du behin baino gehiagotan. Agurreko agerraldian, berriz, politikagintzako lehen lerrotik erretiratzeko asmoa iragarri du, baina itzultzea erabat baztertu gabe. Izan ere, Cincinatori egin dio erreferentzia, hura bezala «nekazaritza lanetara» itzuliko dela esanez. Baina Cincinato buruzagi erromatar bat izan zen, zeinak, kargua utzi zuen arren, Senatuak eskatuta bigarrenez itzuli zen agintera.

Ez da izan kargua utzi duen bakarra. Orain arte Justizia ministro eta lehen ministrorde izan denak, Dominic Raabek, iragarri du utzi egingo duela kargua, eta bigarren lerrora igaroko dela. Twitterren zabaldutako txio batean eman du erabakiaren berri, baina zehaztu gabe dimititu ote duen edo Trussek berak kargugabetu ote duen —lehen ministro berriek parlamentuko bulegoan ematen diete ministroei kargugabetzeen berri, haiek Downing Streeteko 10. zenbakiaren kanpoaldean egon ohi diren kazetarien aurretik pasa beharrik ez dezaten—.

Alderdi Kontserbadoreko buru izateko lehian Trussen aurkari izan den Rishi Sunaken gertuko bi ministrok ere euren karguak utzi dituzte: Osasun ministro Steve Barclayk eta Garraio ministro Grant Shappsek. Ipar Irlandarako idazkari Christopher Hope ere kargutik kentzea erabaki du Trussek.

Lehen ministro berriak testuinguru oso zailean hartuko du gobernuburu kargua. Inflazioa %10,1ekoa da, eta espero da hiru puntu igoko dela urte amaierarako; gainera, Ofgem Elektrizitate eta Gas Merkatuen Bulegoak —sektoreko erregulatzailea da— iragan hilabetean jakinarazi zuen energia konpainiek etxebizitzei urtero kobratu ahalko dieten gehieneko prezioa %80 igoko dela —2.325 eurotik 4.202ra— urriaren 1etik aurrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.