Ukraina

Labore esportazioak «herrialde pobreenetara» mugatzeko eskatuko dio Putinek Erdogani

Errusiako presidenteak egotzi dio Mendebaldeari «jokabide eredu bat» ezarri nahi izatea herrialdeei, «subiranotasuna murriztuz».

Vladimir Putin, Errusiako presidentea, Vladiostoken. VLADIMIR SMIRNOV, EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko irailaren 7a
12:06
Entzun

Errusia ekialdeko Vladivostok hirian egiten ari diren Ekialdeko Ekonomia Foroan da egunotan Errusiako presidente Vladimir Putin, eta han ere Ukrainako gerra izan du hizpide. Estatuburuak salatu du uda hasieran Turkia eta NBE Nazio Batuen Erakundearen bitartekaritzarekin lortutako labore esportaziorako akordioa bere mesedetan baliatzen ari dela Europa: «Ukrainatik ateratzen den laborea ez da herrialde pobreenetara joaten. Orain arte ateratako 87 itsasontzietatik bi bakarrik heldu dira garatzeko bidean dauden estatuetara». Hori dela eta, iragarri du Turkiako presidente Recep Tayyip Erdogani eskatuko diola esportazioak «herrialde pobreenetara» mugatzeko.

Hala, «kolonizazio politikekin» jarraitzea egotzi dio EB Europako Batasunari, eta ohartarazi jarrera horrek elikadura arazoak ugarituko dituela. «NBEren arabera, 2019an 135 milioi pertsona zeuden gosez munduan; orain kopuru hori 145 milioikoa da. Izugarria da, Herrialde pobreenek gero eta zailagoa dute elikagaiak erostea. Inoiz ikusi gabeko giza hondamendi bat gerta liteke», esan du Putinek.

Zigor ekonomiko eta teknologikoen bidez «Errusiari eraso egitea» ere egotzi dio Putinek Mendebaldeari, baina berretsi du herrialdea «subiranoago eta indartsuago» irtengo dela gatazkarik. Haren esanetan, «jokabide eredu bat» ezarri nahi die Mendebaldeak herrialdeei zigorren bitartez, modu horretan estatuen «subiranotasuna murriztuz», eta politika horiek «mehatxu bat» dira nazioartearentzat. Baina aldaketak hasiak direla ohartarazi du Putinek, eta horiek AEBen hegemoniaren galera eta Asiako herrialdeen gorakada ekarri dituela: «Apurka uko egin diogu dagoeneko fidagarriak ez diren dibisa horiek erabiltzeari. AEBen aliatu direnak ere dolarretan dituzten aktiboak murrizten ari dira».

AEBetako informazio agentzien arabera, otsailean hasitako erasoaldian milaka soldadu galdu ditu Errusiak, eta Mendebaldeak ezarritako zigorrek ere milioika euroko galerak eragin dizkiote. Izan ere, nazioarteko enpresa handiek itxi egin dituzte herrialdean zituzten azpiegiturak eta herrialde askok eten egin dituzte inportazioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.