Pablo Gonzalez «lehenbailehen» aske uzteko eskatu dute sindikatu gehienek

Agiri bat sinatu dute, besteak beste, ELAk, LABek, Steilasek, ESK-k, CCOOk eta UGTk. Espainiari eta Europako Batasunari eskatu diete amaiera emateko «bidegabekeria» horri.

Pablo Gonzalez askatzeko egindako elkarretaratze bat, martxoaren hasieran, Nabarnizen (Bizkaia). MONIKA DEL VALLE/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko irailaren 7a
13:19
Entzun

Otsailaren 28an atxilotu zuten Pablo Gonzalez kazetaria, Polonian, eta preso dute ordutik. Kazetariaren egoerarekin kezkatuta agertu dira gaur hainbat sindikatu agiri batean, eta hura askatzea galdegin dute. Besteak beste, ELAk, LABek, Steilasek, ESK-k, CCOOk, UGTk, CNTk eta Espainiako eta Herrialde Katalanetako beste hainbat sindikatuk sinatu dute agiria.

Idazkia sinatu duten sindikatuek salatu dute «guztiz antidemokratikoa» eta «bidegabea» dela Gonzalezen egoera, eta «egunetik egunera okerrera» egiten duela. Gogoratu dute abuztuaren 23an Rzeszowko auzitegiak atzera bota zuela haren atxiloaldia beste hiru hilabetez luzatzeko erabakiaren aurka abokatuak aurkeztutako eskaera, eta salatu dute gaur egun «inkomunikatuta» dagoela praktikan: haren familiak kartzelan bisitatzeko baimena eskatu izan du, baina ez du erantzunik jaso orain arte, eta, azken sei hilabeteotan, ez dute harekin telefono bidezko kontakturik izan. Atxilotu zutenetik, familiaren bost gutun baino ez ditu jaso– guztiak atzerapenarekin– eta abokatuarekin eta Espainiako kontsulatuarekin baino ezin izan da harremanetan jarri, sindikatuek gogora ekarri dutenez.

Horregatik guztiagatik, idazkia sinatu duten sindikatuek Poloniako agintariei galdegin diete Pablo Gonzalez «lehenbailehen» eta «kargurik gabe» aska dezatela. «Onartezina iruditzen zaigu estatu batek hain modu arbitrarioan eta inolako frogarik gabe kazetari bat atxilotzea», ohartarazi dute. Prentsa askatasunaren eta demokraziaren aurkako erasoa dela gaitzetsi dute, halaber. Horrez gain, Espainiari eta Europako Batasunari eskatu diete beren esku dagoen guztia egin dezatela «bidegabekeria» horri amaiera emateko.

Otsailaren 28tik preso

Gonzalez otsailaren 28an atxilotu zuten, Przemyslen, Errusiak Ukrainari egindako erasoak sortutako errefuxiatu krisiaren berri ematen ari zela. Errusiako zerbitzu sekretu militarrarentzat lan egitea leporatzen diote, eta hamar urteko kartzela zigorra jar diezaiokete horregatik. Atxilotu zutenean, hiru hilabeteko espetxe zigorra ipini zioten, eta beste hiru hilabete luzatu zioten maiatzaren amaieran. Abuztuan, Poloniako Przemysl eskualdeko auzitegiak beste hiru hilabetez luzatu zion espetxe zigorra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.