Euskal jaiak

Ilarduiako Eli Gorrotxategik eta Jose Mari Jauregik irabazi dute Ordiziako gazta lehiaketa

Bastidako Mitarte upategiak 9.600 euro ordaindu ditu enkantean gazta erdiagatik.

llarduiako La Leze gaztandegikoek irabazi dute lehiaketa. IDOIA ZABALETA / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
2022ko irailaren 7a
18:51
Entzun

Lehen aldiz aurkeztu dute Eli Gorrotxategik eta Jose Mari Jauregik gazta ketu bat Ordiziako (Gipuzkoa) Euskal jaietan egiten den karrantza eta latxa esneaz egindako gazta txapelketara, eta irabaztea lortu dute. «Lehenengo bosten artean geratu izan gara, baina inoiz ez dugu irabazi, eta, egia esan, ez genuen espero», esan du Eli Gorrotxategik, La Leze gaztandegikoak. Ilarduiakoa izan da gaztarik onena, «arina eta oso orekatua», egileen esanetan.

Goizean goizetik izan da mugimendua Beti Alai pilotalekuan. Epaimahaia gaztak dastatzen ari zen bitartean, asko ziren epaileen lana kuxkuxeatzera gerturatzen zirenak. Pixkanaka, gazta onenak aukeratuz joan dira. 48 gazta aurkeztu dira guztira, iaz baino hiru gehiago. 12:00etarako, erabakita zegoen zein ziren azken fasera igaroko ziren hamalau gaztak. Ordubeteren ostean eman dituzte ezagutzera: Gipuzkoako zazpi gazta, Nafarroako hiru, Arabako hiru, eta Bizkaiko bat.

Azkenean, Ilarduiakoek irabazi dute lehen saria, baina bigarren saria ere Araban geratu da: Aiarako Aixtra elkarteak irabazi du. Hirugarren postuan, berriz, Ordiziako (Gipuzkoa) Joseba Insausti geratu da; laugarrenean, Idiazabalgo (Gipuzkoa) Ander Barandiaran; eta bosgarrenean, Iragiko (Nafarroa) Angel Linzoain.

Normaltasunera itzuli dira aurten Ordiziako euskal jaiak. Iaz, gazta txapelketa ateak itxita egin zuten, baina aurten bai gazta lehiaketa eta bai azoka berezia normaltasunez egin dira, eta giro onean joan da eguna.

Gazta lehiaketaz aparte, azokaz bete da herria gaur. Nekazaritza munduarekin lotutako beste lehiaketa batzuk ere izan dira; esaterako, Jose Migel Barandiaran plazan fruitu eta barazki lehiaketa izan da, baita perretxiko erakusketa ere. Garagartza plazan egin da Gipuzkoako piriniar arrazako behien lehiaketa.

Plaza Nagusian asteazkenero postua jartzen duten baserritarrentzat azoka berezia izan da gaurkoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.