Klima larrialdia

Australian 2030erako karbono isurketak %43 gutxitzea onartu dute, legez

Zortzi urtez gobernu kontserbadoreak ikatzaren aldeko lobbyarentzat egindako lanak eten bat izan du gaur onartutako legediaren bidez.

Penny Wong Australiako Atzerri ministroa, Jenny McAllister Klima Aldaketarako ministro aholkularia agurtzen. MICK TSIKAS / EFE
2022ko irailaren 8a
11:46
Entzun

Urte luzeetako gorabeheren ostean, legedi bat onartu du Australiak klima larrialdiari aurre egiteko. Senatuan onartu dute araudia, gaur, eta handitu egin ditu orain arte herrialdeak zituen deskarbonizazio helburuak. Esate baterako, 2030erako karbono dioxidoaren isurketak %43 gutxitzea ezarri dio legeak Australiari, 2005ekoekin alderatuta. Orain arte %26-28ko murrizketa agindua zuen gobernuak.

Maiatzean izandako hauteskundeen ostean, gobernua aldatu da, eta laboristek gidatutako gobernuak lehen urratsa egin du, horrela klima larrialdiari aurre egiteko neurriak areagotzeko promesa betetzen hasteko. Azken zortzi urteotan kontserbadoreek gidatutako politika ikatz meategien aldekoa izan da, herrialdea munduko ikatz esportatzailerik handienetakoa baita. Edonola ere, tentsio politiko handiak izan dira, besteak beste sute eta lehorte larriak izan direlako.

Klima Aldaketarako ministro Chris Bowenek esan du «egun ona» izan dela gaurkoa Australiarentzat, eta «halako gehiago beharko» dituztela. Iruditzen zaio, bide batez, modu horretan mezu bat bidaliko diotela munduari. «Serio hartu dugu energia berriztagarri eskuragarriek ematen dituzten aukera ekonomikoak baliatzea». 37 senatarik bozkatu dute alde, eta 30ek kontra. Berdeen babesa izan du gobernuak.

Australiak asmoa dauka energia berriztagarrietan egindako inbertsioak handitzeko, besteak beste. Oro har neurri positibotzat jo arren, ingurumenaren aldeko elkarteek eta Alderdi Berdeak lege egitasmoaren anbizio eskasa salatu dute. Besteak beste, isurketak %75 gutxitzea, eta gas eta ikatz ustiaketa berriak debekatzea eskatzen dute berdeek. Gaur onartutako legediak ez du neurririk ezartzen sektore pribatuaren isurketak mugatzeko. Industria handiaren isurketak nola gutxitu zehaztu beharko du gobernuak hurrengo hilabeteetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.