Albistea entzun

Literatura

Etorkizun hurbilean girotu du Katixa Agirrek 'Berriz zentauro' eleberria

XXI. mendearen erdialdeko Parisen girotu du Katixa Agirrek bere ibilbideko hirugarren eleberria, baina etorkizun horri buruzkoak ez ezik, Mary Wollstoncraft XVIII. mendeko idazle eta eragile feministari buruzko pasarteak ere txertatu ditu.

Katixa Agirre idazlea, argitaratu berri duen liburuarekin
Katixa Agirre idazlea, argitaratu berri duen liburuarekin Monika del Valle/ Foku Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2022ko irailak 8

«Pixka bat zaila da azaltzeko, gauza asko daudelako, baina nik uste, azkenean, denak egiten duela klik nolabait». XXI. mendearen erdialdean girotu du Berriz zentauro eleberria Katixa Agirrek. Erabat nahasian doaz hartan errealitate fisikoa eta birtuala: klima larrialdiak hondamendi sorta bat eragin, eta biztanleria mugimendu handiak izan dira; turismoa ia-ia desagertu egin da; sexu birtualak arrakasta izan du munduaren luze-zabalean; egungoak baino askoz ere lausoagoak dira genero sistemaren mugak, eta medikuntzak nabarmen murriztu du minbiziaren ondoriozko hilkortasun tasa. Hori da sasoia, eta, giro horretan, Mary Wollstonecraft idazle eta eragile feministaren bizitza eta lana ikertzera joan da Parisera Paula Pagaldai izeneko protagonista, egile hari buruzko proiektu pedagogiko bat sortzeko. Eta plano horiek guztiak bildu ditu Agirrek eleberrian. Elkar argitaletxeak eman du argitara.

«Nahasketa da gai zentraletako bat nobela honetan», onartu du Agirrek. «Horregatik titulua eta azaleko irudia ere. Erdi gizona eta erdi zaldia den norbait da zentauroa: ez dakigu bata edo bestea den edo bata gailentzen zaion besteari, eta hori da liburuan etengabe errepikatzen diren ideietako bat, eta, ez bakarrik generoari dagokionez, izan zaitezkeelako emakumea mundu birtualean eta gizona mundu errealean, baizik eta baita etorkizuna eta iragana nahasten direlako ere».

«Faszinazio historikoa»

Elkarri itsatsita dirudite iraganak eta etorkizunak liburuan; Agirrek dioenez, urteetan eduki du buruan iltzatuta Wollstonecraft idazlearen biografia batean irakurritako pasarte bat, eta hura ere badago eleberriaren oinarrian. «Pasarte horrek kontatzen du Wollstonecraftek Parisko bere etxeko leihotik nola ikusi zuen gurdian pasatzen Louis XVI.a erregea, dekapitatuko zutena, epaiketaren azken egunean, sententzia irakurri behar ziotenean, eta hori nola kontatu zuen eskutitz batean. Historian gertatzen diren halako txokeek beti eragiten didate zirrara berezi bat, nola izan ziren sasoikideak Wollstonecraft eta Louis XVI.a, eta nola egon ziren kale berean, eta nola ikusi zuen batak bestea. Horrelakoek errealago bihurtzen dute historia».

«Faszinazio historiko» hori ez ezik, Agirrek dioenez, hiru bulkada nagusi ere izan ditu liburua idazteko. Etorkizuna irudikatzeko bulkada izan da lehena, eta, zehazki, «etorkizun hurbila» irudikatzekoa. «Nire seme-alabak, adibidez, helduak izango direnean».

Hiru bulkada

Iraganari begiratzeko bulkada bat ere izan du, ordea, eta horregatik txertatu du Mary Wollstonecraft idazlearen figura. «XVIII. mendeko idazle bat, ilustratua, lehen feministatzat jo izan dena, Mary Shelley idazlearen ama, eta, gainera, Mary Shelleyz erditzean hil egingo dena».

Eta, azkenik, Parisen ikusitako adin ertaineko emakume baten irudia izan da hirugarren bulkada. «Etxetik alde eginda bezala zegoen, ihes antzeko batean, bere bizitzarekin pozik baina ez hainbeste, baina jakin gabe nondik datorkion insatisfakzioa».

Elkarrengandik erabat bereizita ziruditen hiru ildo horiek lotzea izan da idazlearen erronketako bat, baina teknologiak eman dio horretarako bidea. «Ematen du nahikoa erronka, esan behar nuen zaila, baina gehiago da zoroa, edo absurdoa; konplexua, inkluso, baina, azkenean, errealitate birtualaren elementua sartuz askatu nuen korapilo hori».

Belaunaldien arteko talka

Max Dox izeneko pertsonaia ere garrantzitsua da eleberrian. Parisen ezagutuko du protagonistak. «Ez dago oso argi neska den edo ez, ze oso queer-ak izango dira denak etorkizun horretan». Argi dago, ordea, protagonista baino gazteagoa dela, eta, hain zuzen ere, belaunaldi talka hori irudikatuko du haien arteko harremanak. Nolabait ere, sortzen ikusi duen teknologiarekin liluratuta baitago Paula Pagaldai, eta, aldiz, teknologiarekiko harreman horretatik libratu nahian dabilen belaunaldi berriaren parte baita Max Dox.

Testuarekin batera, liburuan badira tartekatutako marrazki batzuk ere. Agirre: «Liburuko etorkizun horretan, errealitate birtuala bakarrik ez, errealitate areagotua ere badago, eta pertsonaia, daramatzan betaurrekoekin, etengabe ari da sekulako estimulu bisualak jasotzen, eta horri egindako keinuak dira irudi horiek».

Errekaleor, iturburuan

Ipuin bat aipatu du Agirrek nobelaren jatorrian. Azala sorkuntza guneak eskatuta idatzi zuen egileak Loratze perimetroa izeneko fabula 2020an. Narrazio espekulatiboak idazteko eskatu zieten hainbat idazleri, eta Gasteizko Errekaleor gune okupatuan girotu zuen berea Agirrek. Hura izan zen etorkizunean girotu zuen lehen narrazioa, eta esperientzia haren ondorengo da eleberria, dioenez. «Mundu berri bat deskubritu nuen. Asko zor diot enkargu hari».

Are gehiago. Idazleak Azala gunean bertan egindako egonaldi batean idatzi baitu Berriz zentauro eleberriaren parte handi bat.

Hamabost urteko ibilbidea

Xabier Mendiguren editoreak oroitu duenez, hamabost urte dira aurten Agirrek bere lehen lana, hau da, Sua falta zaigu ipuin bilduma argitara eman zuela, eta haren ibilbidea laudatu du. Azken hiru eleberriekin egindako lana goraipatu du bereziki. «Esango nuke hiru nobelak direla onak, baina, batez ere, hirurak direla oso diferenteak teknikaz, eta gaiez ere bai». 2015ean, Atertu arte itxaron izeneko road trip sentimentala argitaratu zuen Agirrek; 2018an, saiakeraren eta thrillerraren mugan dabilen Amek ez dute, eta, orain, berriz, antizipazio nobela bat kaleratu du, editorearen esanetan. «Aldiro, zerbait berria exijitzen eta oparitzen dio bere buruari».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Kepa Junkera, erdian, gaur Bilboko Arte Ederren museoan egindako liburuaren aurkezpenean ©Aritz Loiola/ Foku

Kepa Junkerak bere obra osoa berrikusten duen arte-liburua kaleratu du

Iñigo Astiz

Musikariaren diskografia osoa errepasatzen du «Berpiztu» lanak, eta, gainera, 40 artistak propio sortutako obra bana eta Junkerak sortutako kanta guztien partiturak ere badakartza. Musikariak berak hartu du parte argitalpenaren aurkezpenean

 ©Joanes Etxebarria

Jean-Louis Davant: «Anitz egin da hitz berrien asmatzeko, baina zahar anitz galdu ditugu»

Joanes Etxebarria - Ipar Euskal Herriko Hitza

Liburu edo pastoraletan, historia landu du bereziki, olerkiekin batean. Idazlan luzeak gehiago ez egitea deliberatu du. Uste du aitzinatu dela euskararen alorrean, baina lan asko dela egiteko.

<em>Maus</em> liburuko lau bineta. ©ASTIBERRI

Saguen txilioak holokaustoan

Uxue Rey Gorraiz

Gurasoek holokausto nazian bizitakoetan oinarrituta sortu zuen Art Spiegelmanek 'Maus' komikia. Pulitzer saria irabazi zuen 1992an. Euskarara ekarri dute berriki.

Soinu txikia XIX. mendearen amaieran hedatu zen Euskal Herrian. ©BERRIA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...