Espainiako Vuelta

Liderra nagusitu da Piornalen

Enric Masen eraso guztiei erantzun die Remco Evenepoelek, eta azken metroetan erritmoa aldatuz irabazi du

Rmco Evenepoel garaipena ospatzen. JAVIER LIZON / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2022ko irailaren 8a
17:59
Entzun

Remco Evenepoelek (Quick-Step) irabazi du Espainiako Vueltako hemezortzigarren etapa. Eguneko ihesaldian egon den Robert Gesink (Jumbo-Visma) azken kilometroan harrapatu dute Enric Masek (Movistar) eta Evenepoelek, eta erritmo aldaketa bortitz batekin irabazi du flandriarrak. 2.07ren aldea dauka orain Evenepoelek Masekiko.

Eroriko batekin hasi da eguna tropelean. Carlos Rodríguez (Ineos), sailkapeneko laugarrena, oso kaltetuta utzi du, eta Jay Vinek (Alpecin), mendiko liderrak, erretiratu egin behar izan du. Horren ostean, 43 txirrindulariko ihesaldia sortu da, eta bost minutuko aldea ere izan dute. Horien artean izan dira Gotzon Martin eta Mikel Iturria (Euskaltel-Euskadi).

UAEk estrategia bat zeukan prestatuta gaurko egunean aurreneko postuetara salto egiteko, eta Joao Almeida taldeburuak urrunetik sortu du mugimendua tropelean. Helmugarako 80 kilometro gelditzen zirenean ihes egin du tropeletik Brandon Mcnulty taldekidearekin batera, eta aurreko taldetxoarengana hurbiltzen saiatu da. Ivo Oliveira taldekidea aurreko taldetxoan zegoen, baina gelditu egin da Almeidari aurreko postuetara hurbiltzeko helburuarekin laguntzeko. Hala ere, Movistar eta Astana lanean hasi dira tropelean, eta portugaldarrak minutu bateko aldea bakarrik lortu du.

52 kilometro gelditzen zirenean Hugh Carthyk (Education First) erasoa jo du aurreko taldetxoan, eta Thibaut Pinotek (FDJ) eta Sergio Higuitak (Bora) jarraitu diote Piornaleko lehenengo igoeran (13,5 kilometro eta %5,6eko pendiza). Bertan puskatu da eguneko ihesaldia, eta Richard Carapazek (Ineos), Elie Gesbertek (Arkea) eta Robert Gesinkek (Jumbo-Visma) mendatearen amaieran elkartu dira aurreko hirukotearekin.

Atzean Almeida bakarrik gelditu da, baina ez du etsi. Aurreko taldean zegoen Marc Soler taldekidea geldiarazi egin dute taldeko autotik, eta biak elkarrekin abiatu dira boskotearen bila. Hala ere, tropelean abiadura bizian aritu dira, eta Astana eta Movistar buruan zirela, oso txirrindulari gutxi gelditu dira tropelean. Hala ere, liderraren taldeak ez du errelebo bakar bat eman beharrik izan, eta Evenepoelek  taldekideak alboan izan ditu une oro; indarrik xahutu gabe.

13 kilometro gelditzen zirenean hasi dute Piornaleko bigarren eta azken igoera. Aurrean Gesbertek jo du erasoa, eta tartea ireki du aurreko kideekiko. Beranduago Gesink iritsi da frantziarraren albora, eta elkarrekin egin dute aurrera. Atzean Masek zuhaitza astindu du, baina ondo erantzun dio Evenepoel liderrak. Indartsu zegoen maillot gorriaren jabea, eta hark jo du hurrengo erasoa. Masek ezin izan dio gurpila hartu, baina Carlos Veronaren laguntzarekin liderraren ondora iritsi da. Almeidaren taldea ere harrapatu dute une horretan.

Aurrean Gesink bakarrik gelditu da, eta atzera begiratu gabe jarraitu du Herbeheretako txirrindulari beteranoak. 40 segundora zegoen liderraren taldetxoa, eta Masek pare bat eraso jo ditu. Evenepoelek arazo handirik gabe erantzun dio, eta mugimendu horrekin hamar segundo jan dizkiote Gesinki. Masek eta Evenepoelek elkarri mokoka jarraitu dute: batak erritmoa aldatu eta besteak erantzun. Azken kilometroan harrapatu dute Gesink.

Azkeneko 200 metroetan jo du azken erasoa liderrak, eta Mas eta Gesink atzean gelditu dira. Flandriarrak indartsuena dela erakutsi du, eta hortzak estutuz gailendu da helmugan. Bi segundo bizkorrago sartu da helmugan liderra, eta gainsaria ere eskuratu du. 2.07ren aldea dauka orain liderrak. Rodriguez 1.19ra iritsi da helmugara, eta Miguel Angel Lopezek (Astana) aurre hartu dio sailkapen nagusian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.