Elizabeth II-aren heriotza

Biden: «Erregina bat baino gehiago zen. Garai bat definitu zuen»

Elizabeth II.a erreginaren heriotzak erreakzio andana eragin du, ez bakarrik Erresuma Batuan, baita nazioartean ere.

AEBetako presidente Joe Biden, artxiboko argazk batean. YURI GRIPAS, EFE
2022ko irailaren 8a
20:27
Entzun

Atzo hil zen Elizabeth II.a, Erresuma Batuko erregina, 96 urterekin. Errege etxeak eman zuen haren heriotzaren berri, medikuen zaintzapean zegoela onartu eta ordu gutxira. Berehala heldu ziren erreakzioak, ez bakarrik Erresuma Batutik, baita nazioartetik ere.

Ikusi gehiago: Elizabeth II.a hil da, aro bat amaituz

AEBetako presidente Joe Bidenek horrela esan du: «Erregina bat baino gehiago zen. Garai bat definitu zuen. Etengabeko aldaketan dagoen mundu batean egonkortasuna irudikatzen zuen berak, eta harro egoteko arrazoi bat zen britainiar belaunaldi askorentzat». Bidenek gogora ekarri du nola 1982an ezagutu zuen lehen aldiz Elizabeth II.a, AEBetako Senatuko ordezkari gisara Erresuma Batura egin zuen bidaia batean. Gerora, 2021ean elkartu zen berriz harekin, AEBetako presidente gisara.

AEBetako hamalau presidente ezagutu ditu Elizabeth II.ak tronuan egon den denboran, Donald Trump, Barack Obama eta George W. Bush besteak beste. Hirurek izan dute gogoan gaurkoan.

«Ez dugu soilik erregina galdu, gure nazioaren ama ere galdu dugu», esan du Tony Blair Erresuma Batuko gobernuburu ohiak. Hala esan du John Majorrek, Erresuma Batuko lehen ministro ohiak: «70 urtez erreginak bere bizitza eman du gure gure nazioaren eta haren ongizatearen zerbitzura. Commonwealtheko eta mundu osoko milioika lagunentzat gure herriaren arima zen bera».

Eskoziako lehen ministro Nicola Sturgeonek Twitter baliatu du erreginari azken agurra egiteko, eta hala esan du bertan: «Elizabeth II.aren heriotza oso une tristea da Erresuma Batuarentzat, eta munduarentzat».

Irlandako lehen ministro Micheal Martinek ere mezu bat zabaldu du, Irlandako Gobernuaren izenean. «Mundua toki okerragoa da erreginaren heriotzaren ondorioz, baina askoz hobea eta aberatsagoa da hark bere bizialdian zehar eginiko ekarpenei esker», adierazi du. Halaber, Martinek nabarmendu du Elizabeth II.ak Irlandara bisita egin zuela 2011an, eta zehaztu du hori «pauso izugarria» izan zela bi aldeen arteko harremana normalizatze aldera.

Europar Kontseiluako presidente Charles Michelek goraipatu egin du haren agintaldia Twitterren zabaldutako txio batean: «Ez zigun hutsik egin mundu moderno batean balio iraunkorren garrantzia erakusteko bere zerbitzu eta konpromisoarekin».

Frantziako presidente Emmanuel Macronek iragarri du banderak masta erdian izango dituztela datozen orduetan. «Frantziaren lagun gisa gogoratuko dugu. Bere herrialdean eta historian aztarna sakona utziko duen bihotz oneko erregina bat izan da», esan du Macronek.

Commonwealtheko buru ere bazen Elizabeth II.a, baita haietako batzuetako erregina ere. Horiek hala, datozen egunetan hainbat ekitaldi espero dira haietan ere, eta banderak masta erdian izango dituzte.

Zeelanda Berriak iragarri du estatu ekitaldi bat prestatzen hasia dela erreginari azken agurra egiteko. Estatuburua hamar alditan egon zen herrialde hartan, lehena kargua hartu berritan, 1953an. «Oraindik gogoan dut nola lehen aldiz ezagutu nuenean harrituta geratu nintzen zenbateraino ezagutzen zuen gure herriaren historia», adierazi du Jacinda Ardern gobernuburuak.

Kanadako erregina ere bazen Elizabeth II.a. Herrialdeko lehen ministro Justin Trudeauk erregina hilberriaren «jakinduria, errukia eta epeltasuna» goraipatu ditu heriotza jakinarazi ondoko lehenbiziko adierazpenetan. «Erregina beti izanen da gure herrialdearen parte inportantea. Beti izan da oso presente kanadarren bizitzetan», erantsi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.