Hezkuntza

ELAk «irizpide ekonomizistak» lehenestea egotzi dio Hezkuntza Sailari

Sindikatuak protesta egin du Hezkuntza Sailaren ordezkaritzaren parean. Ordezkagune plataforman izandako «anabasaren» ardura Jaurlaritzari egotzi dio. Elkarrekin Podemos-IUk azalpenak eskatu ditu Eusko Legebiltzarrean.

ELAk gaur egindako elkarretaratzea, Bilbon. ELA SINDIKATUA
Edurne Begiristain.
2022ko irailaren 9a
15:43
Entzun

Ika-mika ez da baretu. Ordezko irakasleei eta hezitzaileei lanpostuak esleitzeko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak erabiltzen duen Ordezkagune plataforman izandako gorabeherei buruzko polemikak segida izan zuen atzo. Sisteman izandako «anabasa» salatzeko elkarretaratzea egin du gaur ELA sindikatuak Bilbon, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak duen ordezkaritzaren aurrean, eta kritikatu du «arazo tekniko hutsez» harago doala auzia. Hain justu, sindikatuak Hezkuntza Sailari aurpegiratu dio esleipen prozesuan erabili dituen «irizpide ekonomizistak» daudela gorabehera horien atzean: «Ongi antolatutako ikasturte hasiera bat lehenetsi beharrean, irailaren 1etik 5etara ordezkapenik egin ez, eta dirua aurreztea lehenetsi du».

ELAk uste du sortutako arazoak saihestu zitezkeela. Azaldu du uztailean Hezkuntza Sailak bazuela irakasle titularrek eskatutako baimenen eta lanaldi murrizketen berri, eta beraz, irailaren 1erako lanpostuak beteta izan zitzakeela. Haatik, sindikatuak salatu du irailaren 5ean beste esleipen prozesu bat egitea erabaki zuela, plaza horiek ikasturte osorako ordezkapenak ez zirela argudiatuta, eta, irailaren 1ean eta 2an sortutako plazak eskaintzeaz gain, abuztuaren 31ko esleipenetan eskaini ez zituen lanpostuak eskaini zituela. Gainera, hilaren 5ean eta 7an arazoak errepikatu zirela salatu du: «Ondorioz, milaka ordezkok ez dute aurreko gauera arte jakin zein eskolatara joan behar duten lanera».

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, ostera, joan den ostegunean esandakoari eutsi dio Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, eta «arazo teknikoei» egotzi die Ordezkagune plataforman izandako kolapsoa; halaber, ukatu egin du langile faltagatik izan dela. Ikastetxe publikoetako  eskola garraioaren auziari dagokionez, berriz, sailburuak nabarmendu du alde guztiek «amore eman» dutela akordioa lortzeko.

EP-IUren galderak
Ikasturte hasieran izandako arazoen inguruan hainbat galdera erregistratu ditu Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Legebiltzarrean. Zehazki, Hezkuntza Sailari azalpenak eskatu dizkio garraioarekin izandako arazoez eta Ordezkagunearen kolapsoaz.

Isa Gonzalez legebiltzarkidearen ustez, ez da aski Bildarratzek barkamena eskatu izana: «Arazoak aurkitu eta irtenbideak eskaini behar dira». Halaber, eskola publikoa «baztertzeko» urratsak egitea leporatu dio Eusko Jaurlaritzari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.