Pentsioen erreforma

Escrivak iragarri du kotizazio epea ez duela zabalduko 35 urtera

Espainiako Gizarte Segurantza ministroak pentsioen erreforma adosteko bigarren bilera txandari ekin dio gaur. Europako funtsen etorkizuna ere jokoan dago. 

Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantzako ministroa kongresuko agerraldi batean.
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko irailaren 12a
11:51
Entzun

Espainiako Gobernuak pentsioen erreforma adosteko bigarren bilera sorta abiatu du gaur. Sindikatu eta enpresarien ordezkariekin bilduko da, eta negoziazioek luze joko dutela dirudi. Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantzako ministroak gidatuko ditu bilerak, eta mahai gainean jarriko duen proposamenaren zertzelada batzuk eman ditu RNE irrati katean egin dioten elkarrizketan. Esaterako, Escrivak irmo ukatu du kotizazio epea 25 urtetik 35era zabalduko duela: «Gure proposamena ez da hori izango, inondik ere».

Negoziazioetan, bi auzi eztabaidatuko dira bereziki. Batetik, pentsioak kalkulatzeko formula berri bat, ustez azken lan urteetan lan merkaturik irteten diren langileei kalterik ez egiteko. Bestetik, kotizazio epea zabaltzea, eta, era berean, gehienezko pentsioa ere bai. Escrivak onartu duenez, neurri horrek kalte egingo lieke etorkizuneko pentsiodunen bi hereni, lan ibilbidean aurrera egin ahala kotizazioak handitu egiten direlako, eta epe txikiagoa hartzeak mesede egingo lieke.

Neurri horrek asko arinduko luke Espainiako Gobernuek pentsioetan ordaindu beharreko dirua. Kalkulu batzuen arabera, BPGaren %1era iritsi daiteke hamarkada batean. Dena den, hartzen den edozein neurrik Europako Batzordearen oniritzia beharko du. Akordioa ezinbestekoa da Europako funtsak lortzeko. Hala gertatu zen erreformaren lehen zatiarekin.

Premia eta asmo horiek zehaztuko dute joko zelaia, eta hor garatuko da negoziazioa. Madrilgo hedabideetan zabaldu denez, Escrivak «urte txar» batzuk kalkulutik kendu ahal izatea proposatuko du. Alegia, kotizazio txikiena izan duen urteetako batzuk baztertu ahal izango ditu langileak. Beste aukera bat kotizazio hutsune direlakoak estaltzeko mekanismo bat litzateke. Kotizazio hutsuneak kotizatu gabeko edo %100 kotizatu gabeko urteak dira. Zurrumurruen arabera, beste aukera bat legoke: kotizazio epea 35 urtera zabaltzea, baina tartean langilearen 25 urte onenak hartuko direla bermatuta. Escrivaren gaurko adierazpenek, ondo bidean, atea itxiko liokete aukera horri.

Ministroaren beste asmoetako bat da gehien irabazten dutenek gehiago ordaintzea. Kotizazio gehiegizko oinarria handitzea da asmoa, eta soldataren arabera egitea hori. Aldaketa hori etorkizunera begira “modu leunean” egingo litzakeela aurreratu du. Proposamen horren bidea errazteko gehienezko pentsioa handitzeko aukera aztertuko da. Gaur egun, 2.819,18 euroko hamalau ordainsarikoa da gehienezko pentsioa Hego Euskal Herrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.