Lan negoziazioa

KPIaren igoera lan itunen iraupen osoan zatikatzeko prest agertu da ELA

Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak negoziazioak blokeatzea egotzi dio Confebaski, eta erosteko ahalmena bermatzen ez duten eskaintzak egitea.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko irailaren 13a
13:44
Entzun

ELA sindikatuak ez du sinatuko KPIaren araberako soldata igoera bermatzen ez duen lan itunik. «Gure marra gorria da», zehaztu du Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak. Udazkenean hainbat hitzarmenen negoziazioei ekingo zaie berriz, eta sindikatu subiranistak bere jarrera zein izango den aurreratu du. Hala ere, ez da tematuko urtez urteko KPI igoera batekin, eta soldata zatika eguneratzeko prest agertu da: «Hitzarmenaren amaieran KPIaren araberako igoera bat izango dela bermatzen bada, sinatzeko prest gaude». Lakuntzak zehaztu duenez, aurten sektore mailako lau hitzarmen sinatu ditu ELAk —Gipuzkoako ostalaritza eta eraikuntza, Bizkaiko autoeskolak eta Arabako gizarte esku-hartzea—, eta lauretan baldintza horiek adostu dituzte.

Lakuntzaren iritziko, baina, egun negoziazioen oztopoa ez dago sindikatuetan, patronalean baizik. «Confebask, negoziazio mahaietan, %3tik beherako eguneraketak eskaintzen ari da. Ikusiko dugu Bizkaiko metalgintzako patronalak hori zuzentzen duen. Ez du KPIaz hitz egin nahi. Soldaten %7ko debaluazioa da hori». Sindikatuaren ustez, eskaintza horien atzean «estrategia» bat dago, negoziazioak blokeatzeko: «Blokeatuz gero, soldaten debaluazioa luzatzea lortzen dute». Alde horretatik, kritika egin die UGT eta CCOO sindikatuei, eta egotzi die KPIaren igoera osoari «uko egiten» ibiltzea.

ELAren jarrera irmoa da, argi baitute KPIa eguneratzea posible dela, eta haien ustez aurrez aipaturiko lau itunak dira horren eredu. Are gehiago, Confebaskek aurkakoa dioenean «aitzakiak» jartzen ari dela uste du. Sindikatuak nabarmendu du egunerokoan «lantokietan» ikusten dutela KPIa igotzen dutela, eta gogoratu du enpresek «eta batez ere enpresa handiek» izan dituzten irabaziak. ELAren ikerketa batzordearen arabera, Ibex-35eko enpresek 2019an baino %83 mozkin handiagoak izan dituzte aurten, eta akziodunen artean banaturiko dibidenduak soldatak baino hogeita hamar aldiz gehiago handitu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.