Enpresak

Jaurlaritzak hamazazpi milioi euro inbertitu ditu CAFen, %3ra iristeko

Finkatuz funtsaren bidez, %1,76tik %3ra egin du salto gobernuak, Beasaingo enpresaren akzioen jabetzan. 57 milioi euroko kontratu baten berri eman du enpresak, eta eskaera poltsa ia 10.800 milioira iritsi da: inoizko handiena da.

CAFen instalazioak. CARLOS CORBELLA / EFE
xabier martin
2022ko irailaren 15a
10:23
Entzun

Lehendik ere bazuen presentzia Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako industria enpresarik handienean: 2017an, %1,76 eskuratu zuen, akzio poltsa hori Kutxabanki erosi ondoren. Eta, orain, jabetza publiko hori indartzeko erabakia hartu du, Finkatuz funtsaren bidez. Hala, hamazazpi milioi euroko inbertsioa egin du tren konpainian, eta, horri esker, %3ra eraman du bere jabetza konpainiaren akzioen poltsan.

Finkatuz funtsa «euskal enpresa handien errotzea sustatzeko eta indartzeko» diseinatu zuen Gasteizko gobernuak, eta jarduera horren bidez lortu da CAFen 602.552 akzio eskuratzea, akzioko 28,30 euroko batez besteko prezioan. Guztira, hamazazpi milioi euro inguruko inbertsioa. «Horrela, haren izaera estrategikoagatik eta euskal ekonomiarentzat duen trakzio eraginagatik, Eusko Jaurlaritzak presentzia eta posizioa indartu du Euskadirentzat interes berezia duen sozietate baten kapital sozialean», jakinarazi du gobernuak ohar batean.

Kutxabanen akzio kopurua apaltzen joan da azken urteetan CAFen: gaur egun, %14,06ren jabe da. Burtsan kotizatzen duen enpresaren beste %25a langileen esku dago, eta ez du erraza ematen, gaur-gaurkoz, konpainia atzerriko kapitalaren esku geratzea, beste euskal enpresa batzuekin gertatu den antzera azken urteotan. Ezin da alde batera utzi, dena den, burtsako analistek aldiro kokatzen dutela CAF erosketa operazioetan, hain zuzen, eskaera poltsa bikaina baitu.

Jaurlaritzak 2021eko apirilean eman zuen baimena Finkatuz funtsa sortzeko. Euskal enpresa handietan epe luzerako partaidetzak erosteko da Finkatuz, haiek Euskal Herrian errotzeko helburuarekin. 160 milioi euroko kapital sozialarekin abiarazi zuten, baina Jaurlaritzaren borondatea da 300 milioi euroraino handituz joatea, eta, iazko hondarrean, 260 milioira iritsi zen. Haren helburua ez da krisian dauden enpresak laguntzea, Jaurlaritzak garbi utzi duenez, baizik eta «sektore estrategikoak» lehenestea. Orain arte, CAFen eta Kaikuren akzioak erosi ditu Finkatuz-ek. Gainera, ITP Aeron sartzeko prest legokeela esana du Gasteizko gobernuak.

Hain zuzen, gaurdanik Bain Capital AEBetako funtsarena da ITP Aero. 1.700 milioi euro jasoko ditu Rollsek, orain arteko jabeak, baina funtsak 1.600 milioi pagatuko ditu. Beste ehun milioiak ITPren kutxatik atera dira. Ezaguna ez den akziodun talde batek parte hartze nabarmena izango du, era berean. Talde hori eratzeko negoziazioetan, Sapa gipuzkoarra egon da, eta baita JB Capital funtsa ere. Jaurlaritzak esan zuen prest dagoela akzioen kuota txiki bat hartzeko, baina, oraingoz, ez du akordiorik lortu Finkatuz funtsaren bidez sartzeko.

Beste kontratu bat Frantzian

Beasaingo trengileak sendo jarraitzen du kontratu berriak eskuratzeko lasterketan. Gaur jakinarazi du Marseilla hiria (Frantzia) hamabost tranbiaz hornituko duela, eta akordio horren balioa 57 milioi euro dela. Kontratuak, gainera, linearen hurrengo zabalpenen arabera tranbia kopurua handitzeko aukera ere jasotzen du.

CAFek Frantziako merkatuaren alde egindako apustua berretsi du lorpen berri horrek. Proiektu ugari garatu ditu han. Esaterako, Parisko RER B aldiriko linearako 146 treneko hornidura esleitu zioten, iaz. Horrez gain, SNCFrentzat eskualdeko 28 tren egiteko kontratua eskuratu zuen (beste 75 tren egiteko aukera ere jasotzen du kontratuak), eta Nantes, Besançon eta Saint Etienne hiriak tranbiaz hornitzeko proiektuak ere eskuratu zituen. Halaber, Lyongo metroko D lineako trenen flota zaharberritzeko kontratua ere eskuratu zuen, eta ekainean Montpellier Mediterranee Metropolek 60 tranbia egiteko esleitutako kontratu handia ere hor dago. «Horixe izan da aurten orain arte Frantzian lortutako tranbia kontraturik handiena», gogoratu du CAFek, baztertu gabe handiagoren bat etorriko ote den 2022. urtean.

CAFek duela gutxi itxi du Alsazia eskualdean dagoen Reichshoffeneko fabrikazio lantegia erosteko akordioa. Neurri horrek Frantzian duen produkzio gaitasuna indartu du, herrialde hartan bideratzen ari den hazkunde estrategiari begira. Lantegi horri eta Bagneres de Bigorren duen fabrikari esker, CAF herrialdeko tren arloko bigarren erreferente industrial gisa sendotu da.

AEBetako kontratu handia

Urtea ondo doakio Beasaingo konpainiari eskaera poltsa gizentzeko ahaleginean, eta, alor horretan, AEBetan lortutako kontratu bat azpimarratu behar da 2022. urte honetan, 811 milioi eurokoa baita. Type 10 ereduko 102 tren egingo ditu Boston hiriko Green linearako, Massachusetts Bay Transportation Authorityrentzat (MBTA). Oinarrizko kontratuaren barruan daude 102 ibilgailuren fabrikazioa, gidatzeko bi simulazio, parkeko piezak, tresna bereziak eta ibilgailuen probetarako ekipoak, baita hiru urterako berme zerbitzua ere. Halaber, kontratuak ibilgailu eta ekipamendu gehigarriak erosteko aukera jasotzen du, eta MBTAk datozen bi urteetan gauzatu ahal izango du.

Astelehenean, berriz, beste kontratu biren berri eman zuen konpainiak. Alemania eta Australiarako enkargu horien balioa 220 milioi eurokoa da. Horiek horrela, CAFek bere errekorra gainditu du eskaera poltsari dagokionez. Frantziatik iritsi berri den azken kontratua aintzat hartuta, ia 10.800 milioi euroren eskaerak ditu. Kopuru horrek enpresaren etorkizuna bermatzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.