Koronabirusa

Pandemia amaitzeko egoera «ezin hobea» dela adierazi du Osasunaren Mundu Erakundeak

Erakundeko zuzendari nagusiaren erranetan, aukera hau «ezin da galdu». Joan den astean, 2020ko martxoaz geroztik egon den hildako kopururik «apalena» erregistratu zen.

Behaketa Lesakan. JAGOBA MANTEROLA
Isabel Jaurena.
2022ko irailaren 15a
10:45
Entzun

Tedros Adhanom Ghebreyesus OME Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendari nagusiak adierazi duenez, COVID-19aren aldaera gehiago agertu baino lehen, aukera hau «aprobetxatu» beharrekoa da. «Abantaila posizio batean gaude, eta helmuga ikusten dugu, baina hau da korrika egiteari uzteko momentu okerrena», erran du Adhanomek. Izan ere, joan den astean 2020ko martxoaz geroztik egon den hildako kopururik «apalena» erregistratu zen.

Hala ere, nabarmendu du garrantzitsua dela herrialdeek probak eta zaintza lana egiten jarraitzea. «Frogatu da birusa zenbat eta gehiago mugitu orduan eta arrisku handiagoa dagoela muta dadin», azpimarratu du Maria Van Kerkhovek, OMEko epidemiologo nagusiak.

Hori dela eta, pandemia amaitzeko zer egin behar den biltzen duten sei txosten argitaratu ditu OMEk. Dokumentuok azken 32 hilabeteetan ikasitakoarekin osatu direla nabarmendu du Adhanomek. Betiere, osasun sistemak zaintzeko, eta edozein arazo saihesteko. «Txostenek aplikatu beharreko ekintza zehatzen inguruko informazioa biltzen dute», adierazi du Adhanomek.

'The Lancet'

The Lancet aldizkariak ere koronabirusaren pandemiarekin lotutako txosten bat argitaratu du, munduko estatuek pandemian zer jarrera izan zuten aztertzen duena. Dokumentuaren arabera, «desinformazioaren epidemiak» eta herrialdeen arteko lankidetzarik ezak egoera zaildu zuten. Arlo hauetan lan egiten duten 28 adituren artean osatu dute dokumentua: politika publikoak, gobernantza, epidemiologia, txertaketa, ekonomia, nazioarteko finantzak, jasangarritasuna eta osasun mentala.

Txostenean, nabarmendu dute pandemiaren hasieran gobernu gehienek ez zutela jakin egoera egoki bideratzen. Kudeaketa horren erakusle da, adibidez, OMEk berandu hartu izana erabaki aunitz, hala nola pandemia egoera ezartzea eta birusa airetik transmititzen ahal dela aitortzea. Horren ondorioz, 17,1 milioi pertsona hil dira. Heriotza horietako aunitz «saihesgarriak» zirela nabarmendu du txostenak.

OME, ordea, ez da ados agertu baieztapen horiekin, eta txostenean «interpretazio desegokiak» daudela argudiatu du. Erakundearen erranetan, rol nabarmena «egin zuen eta egiten ari da» eritasunari aurre egiteko tresnak ematen horien beharra zuten herrialdeei. Gainera, OMEk adierazi du pertsona asintomatikoek zuten kutsatzeko gaitasunaz ere «ohartarazi» zuela. Erakundeak nabarmendu du lanean jarraitzen duela eritasunari aurre egiteko estrategiak ahal bezainbertze optimizatzeko, baita baliabideak eskuratzeko laguntza behar duten herrialdeak babesteko ere.

Aldizkariaren dokumentuak, gainera, zenbait gomendio biltzen ditu pandemia amaitzeko, baina, dioenez, horiek aurrera eramateko beharrezkoa izanen da nazioarteko lankidetza. Proposamen horien artean dago herrialdeek txertaketa estrategia bat martxan jartzea, txertaketa orokorra eta prebentzio neurriak bateratuko dituena. Talderik zaurgarrienak babesteko planak eta behaketa neurriak indartzea ere gomendatzen du.

«Bada garaia osasun publikoa eta garapen jasangarria sustatzen dituen ekintza kolektibo bat egiteko, pandemia amaiarazteko», nabarmendu zuen Jeffrey Sachs Lancet Batzordeko buruak. «Baditugu gaitasun zientifikoa eta baliabide ekonomikoak hori egiteko», gehitu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.