Sindikatuek ezezkoa eman diote Arcelor Mittalek proposatutako aldi baterako erregulazioari

ELA sindikatuak salatu du neurria «gehiegizkoa» dela eta iaz 13.000 milioi euroren baino gehiagoren irabaziak izan zituela enpresak. LABek adierazi du ez dela «joko horretan sartuko».

Arcelor Mittalek Sestaon duen altzairutegia. MARISOL RAMIREZ / FOKU
maddi iztueta olano
2022ko irailaren 15a
12:26
Entzun

Sindikatuek ez dute begi onez ikusi Arcelor Mittal enpresak enplegua aldi baterako erregulatzeko bart aurkeztutako espedientea. Siderurgia multinazionalak aurkeztutako proposamena onartuz gero, ordea, 2023ko abenduaren 31ra arte egongo litzateke indarrean. Negoziazio batzorde bat eratu du Arcelorrek, eta UGT, CCOO, ELA eta LAB sindikatuek hartuko dute parte.

Arcelorrek ekoizpenarekin lotutako arazoei egotzi die neurria abian jartzeko beharra. Antza, EB Europako Batasunetik kanpoko herrialde fabrikatzaileek ez dituzte EBko fabrikatzaileen baldintza berak, eta ez diote energiaren kostuaren krisiari aurre egin behar ere. Ukrainako gerra, eskariaren beherakada eta EBtik kanpoko herrialdeen inportazioen igoera ere aipatu ditu espedientea aurkezteko kausen artean.

Hala ere, sindikatuek proposamena aurkeztu eta gutxira adierazi dituzte horren inguruko zalantzak eta kexak. ELAk uste du proposamena «neurriz kanpokoa» eta «oinarririk gabekoa» dela; izan ere, 13.000 milioi euroren etekinak lortu zituen Arcelorrek iaz, eta gaur egun «lan karga handia» du. Gainera, salatu du enpresa ez dela ordaintzen ari 2020an Auzitegi Nazionalak baliogabetzat jotako aldi baterako espedienteengatik langile bakoitzari zor diona.

Proposamena onartu ez duen arren, ELAk hainbat gai eztabaidatzeko prest ager dadila eskatu dio Arcelorri. Gai horien artean daude, besteak beste, langile taldea gaztetzea, txanda kontratua behar bezala aplikatzea, eta langileek sortzen duten aberastasuna banatzea.

Bide beretik, LABek «lotsagarritzat» jo du neurria, eta adierazi du ez dela «joko horretan sartuko». Gainera, jakinarazi du Arcelorrek 2022ko lehendabiziko hilabeteetan errekorreko irabaziak izan dituela. Sindikatuaren ustez, erregulazioa «espekulazio tresna» bilakatu da, eta «lantegi bakoitzeko errealitatea kontuan hartu gabe» erabiltzen dute, nahieran.

Halaber, UGT zalantzati agertu da enpresak aldi baterako espedientearen justifikazio gisa aurkeztu dituen arrazoien inguruan, eta salatu du «langileak nahi duten modura» erabiltzen dituztela beren helburu estrategikoak lortzeko. CCOOk ere azaldu du ez duela bat egiten enpresak aurkeztutako argudioekin, eta langileen «kalte ekonomikoak minimizatzeko» eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.