Italian zortzi lagun hil eta lau desagertu dira euriteengatik

Las Marcas izeneko eremuan, bi ordu eskasean 400 milimetro ur zenbatu dira. Agintariek adierazi dute urtea hasi zenetik gaur arte bota duen «euriaren herena» izan dela.

Italiako suhiltzaileak erreskate operazio batean Anconako probintzian. VIGILI DEL FUOCO
Isabel Jaurena.
2022ko irailaren 16a
11:12
Entzun

Italiako Babes Zibilak adierazi duenez, gaur goizaldean herrialdeko erdialdean izan diren euriteengatik zortzi pertsona hil eta lau desagertu dira. Senigalliako inguruan, Anconan, lau pertsonaren gorpuak aurkitu dituzte garaje batean, baita bertze bi gizonenak ere. Bertze hildakoetako bat bere autoaren barnean aurkitu dute. Desagertuei dagokienez, bi haur daude tartean. Horietako batek 6 urte ditu, eta bere amarekin batera zegoen autoan. Suhiltzaileek ama ibilgailutik ateratzea lortu bazuten ere, adingabea urak eraman zuen.

Ezbeharra Las Marcas izeneko eremuan gertatu da, herrialdearen erdialdean. 400 milimetro ur zenbatu ziren bi ordu eskasean. Fabrizio Curcio Italiako Babes Zibileko arduradunak adierazi duenez, urtea hasi zenetik gaur arte bota duen «euriaren herena» izan da. Maurizio Greci Sassoferratoko alkatea: «Ezerk ez zigun iragarri ezbehar hau. Dena ordubetean gertatu zen. Orain zerua garbi dago».

Kalte materialei dagokienez, lur jausi andana eragin dute euriteek. Hala, ia 200 suhiltzaile lanean dabiltza desagertutako pertsonak bilatzen. Ancona eta Pesaro-Urbino eremuan, batez ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.