Kolonbia

FARCeko disidentziekin bildu da Kolonbiako Gobernua

«Erabateko bakea» lortzeko helburuaren barruan kokatu ditu bilera hori gobernuak. NBEren eta Norvegiaren bitartekaritzarekin egin dute biltzarra.

Kolonbia presidente Gustavo Petro eta NBEren idazkari nagusi Antonio Guterres, New Yorken, NBEren egoitzan. CRAIG RUTTLE, EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko irailaren 19a
09:53
Entzun

FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileetako disidentziekin bildu da asteburuan Kolonbiako Bakerako ordezkari berezi Ivan Danilo Rueda, bake prozesu bat abiatzeko urratsak egiteko helburuarekin. NBE Nazio Batuen Erakundeko eta Norvegiako ordezkariak izan dira, begirale gisara. Gobernuak komunikatu batean azaldu duenez, «erabateko bakea» lortzea helburu duen prozesu baten hasiera izan da Caquetako bilera.

Luze joko duten elkarrizketa batzuen atarikoa izan da bilera. Haren ostean, sinatzaileek aurreratu dute prozesuak jarraitu ahal izateko beharrezkoa dela nazioarteko begiraleek bermatutako «alde biko su etena». FARCen disidentzien bileran parte hartu dute Calarca Cordobak, Alfonso 45ek, Ermes Tovarrek eta Erika Castrok. Su etenaz gain, bestelako baldintzak ere jarri dizkiote disidentziek elkarrizketak hasteari: gaztak eragin duten arrazoiak desagerraraztea; disidentziek euren artean hitz egin ahal izatea prozesuak aurrera jarraitu aurretik; eta begirale neutralen bitartekaritzarekin egin ahal izatea. «Uste dugu, aurrez inoiz ez bezala, gure herriaren historian baldintzak sortzen ari direla anaien arteko indarkeriazko hamarkadan atzean uzteko», jaso dute komunikatuan.

Kargua hartu berritan aurkeztu zuen Gustavo Petro presidenteak Erabateko bakea ekinbidea, zeinak azken helburu duen urteetako gatazka amaitzea. Horri lotuta hainbat prozesu abiatu ditu ezkerreko gobernuak, besteak beste ELN Nazioa Askatzeko Armadarekin. Bogotaren eta ELNren arteko elkarrizketak geldirik egon dira azken urteetan, 2019an Ivan Duque presidenteak gerrillako buruzagien aurkako atxilotze aginduak berriz indarrean jarri ostean —Bogotako Polizia etxearen aurkako atentatu baten ondoren izan zen, non hogei lagun hil baitziren—. Ordu hartan Duquek eskatu zion Habanari bertan zeuden gerrillariak Bogotaren esku uzteko; Kubako Gobernuak, baina, erantzun zuen esanez bake prozesuak babestuta zeudela han ELNko kideak, eta ez zituela Kolonbiaren esku utziko.

Petrok berriz abiatu ditu Duquek baztertutako elkarrizketak, eta, aste honetan bertan jakin denez, datozen asteetan hasiko dituzte elkarrizketak ofizialki. Horretarako urrats handia egin du Kolonbiako Gobernuak; izan ere, eskatu dio Venezuelari elkarrizketen bermatzaile izan dadila. Baiezkoa eman dio Nicolas Maduro presidenteak, eta eskaini dio elkarrizketak Venezuelan bertan egin ahal izatea. Bestelako talde armatu batzuk ere gerturatu zaizkio Petrori, tartean Bigarren Maketalia eta Kolonbiako Autodefentsa Gaitanistak.

Kritikak

Bogotak egindako azken urratsak ez dira guztien gustukoak izan. Oposizioak salatu du 2016ko bake akordioak orain onartzen dituzten gerrillariei ez litzaiekeela «abantailarik» eman behar, eta epaitu egin beharko liratekeela. Hala esan du Juan Manuel Santos presidentearen agintaldian Barne ministro izandako Juan Fernando Cristok: «Desberdin jokatu behar da ELNren gisako jatorri politikoko taldeen eta FARCeko disidentzien gisakoen artean».

Petrok egindako urratsak gaitzetsi ditu Humberto de la Calle Bakerako ordezkari berezi izandakoak ere. Haren esanetan, ez du zentzurik Bigarren Maketaliako buru Ivan Marquezek elkarrizketetan parte hartzeko aukera izateak, bere garaian uko egin ziolako bake akordioa sinatzeari. Aldiz, garai bateko FARCeko gerrillariekin osatutako Comunes alderdiak txalotu egin du prozesua, eta berretsi du elkarrizketak direla bakea lortzeko bidea.

Petro bera lasai agertu da New Yorken, NBEren goi bilerara bidean egindako adierazpenetan: «Beti kritikatzen dute bakea. Kolonbiako historia osoan ez dago une bakar bat norbaitek bake prozesuren bat kritikatu ez duena. Baina lortzen badugu denek armak alde batera uztea, nazio handi bat eraikitzen ariko gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.