Kirgizistan - Tajikistan

Ia ehun lagun hil ditu Kirgizistanen eta Tajikistanen arteko gatazkak

Bi herrialdeen arteko mugako 137.000 biztanle inguruk eremutik ihes egin dute dagoeneko. «Eskala handiko gatazka» bihur daitekeela ohartarazi du Kirgizistango Gobernuak.

137.000 pertsona inguru ebakuatu behar izan dituzte gatazka eremutik. EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko irailaren 19a
12:59
Entzun

Borrokan ari dira Kirgizistan eta Tajikistan, bi estatuen arteko mugan dagoen urtegi baten eta ur ponpa baten kontrolaren harira. Hilaren 14an hasi zen gatazka, eta gutxienez 94 lagun hil eta ehun baino gehiago zauritu dira. Ostiralean su etena adostu bazuten ere, borrokek aurrera jarraitu dute, eta, Kirgizistango Gobernuaren arabera, 137.000 pertsona inguru ebakuatu behar izan dituzte gatazka eremutik, nahiz eta horietako batzuk hasia diren etxera itzultzen.

Bixkekek mugako Batken probintziako Dostuk, Aksai, Zhaxtik, Borborduk, Arka eta Kulundu eskualdeak okupatu izana egotzi dio Duxanberi. Are, Bixkekek ohartarazi du litekeena dela Tajikistanen «eraso probokatzaileek eskala handiko gatazka bat» sortzea, eta horrek Erdialdeko Asia osoa «desegonkortzea». Gatazkak eragindako biktimen ohorezko dolu eguna dute gaur Kirgizistanen.

Bi herrialdeen arteko tentsioa Sobietar Batasuna desegin ostean sortu zen. Gainerako errepublika sobietarren moduan, Kirgizistanek eta Tajikistanek independentzia eskuratu zuten, baina Moskuk ezarri zituen mugak, talde etnikoen banaketak guztiz aintzat hartu gabe. Isfara ibaiaren alde batean Tajikistango Sughd probintzia dago, eta bestean, Kirgizistango Batken eskualdea. Isfara ibaiko urtegi baten eta ur ponpa baten kontrolaren harira izan dituzte gatazkak.

Azken liskarrak 2021ean izan zituzten, eta 50 pertsona hil ziren. Nahiko ohikoak dira liskarrak Sobietar Batasuneko kide izandako bi errepublika horien artean, baina azkar baretu ohi dira. Egunotako gatazkak, ordea, azken urteetako odoltsuenak ari dira izaten. Tankeak, ibilgailu blindatuak, morteroak, artilleriako suziriak eta droneak erabiltzea egozten diote elkarri. Kirgizistango presidente Sadyr Japarovek, gainera, «etsai» izendatu du Tajikistan.

Su etena, etenda

Gatazka hasi eta bi egunera adostu zuten su etena Tajikistango presidente Emomali Rakhmonek eta Japarovek Uzbekistanen, SCO Shanghaiko Lankidetza Erakundearen goi bileran. Hala ere, menia ez errespetatzea eta berriro bonbardatzen hastea egotzi zion Kirgizistanek Tajikistani ostiralean bertan.

Reuters berri agentziak kontsultatutako aditu batzuek nabarmendu dute erretorika «populista eta nazionalista bat» gailendu dela bi aldeetan, eta eskatu dute «beste eragile baten parte hartzea», eremu desmilitarizatu bat ezar dezan gatazka gunean.

Errusiak baseak ditu bi herrialde horietan, eta haien arteko bitartekaritza egin izan du, baita oraingoan ere. Vladimir Putin Errusiako presidenteak borroka «berandu baino lehen» eteteko eskatu die Rakhmon eta Japarov presidenteei, «bide baketsu, politiko eta diplomatikoak jarraituta».

Bi herrialdeak OKDB Segurtasun Kolektiboko Itunaren Erakundeko kide ere badira, Bielorrusiarekin, Armeniarekin, Kazakhstanekin eta Errusiarekin batera, eta aliantza militar horrek adierazi du harremanetan daudela bi aldeekin erlazioak onbideratze aldera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.